«Mugak», Irati Bediaga
Ertzetatik
Irati Bediaga Rementeria
BINKE / 2024ko iraila
Gorka udan Italiara joan da eta bertan ezagutu duen Giovannirekin guztiz maiteminduta bueltatu da herrira. Epaileak ordea ezetz, urtaro batek baino gutxiagok ez duela maitasuna sentitzeko igaro beharreko gutxieneko denbora-muga gainditzen.
Nahikari Medina de Pomarretik bakarrik eta zorion aurpegiarekin itzuli da, lo asko eginda eta sabela janari gozoarekin beteta. Epaileak baina ezetz, Burgosek ez dituela opor zoriontsuak igaro ahal izateko egin beharreko gutxieneko kilometroen muga gainditzen.
Maialenek sabela apenas bete du azken hilabeteetan eta barauak loa galarazi dio. Irailean ekainean erositako prakak handiegi ditu. Arduratu egin da, ea ustez irtenegi zituen mamiak hustutseko hasi zuen dieta txatxu-arriskutsua bestelako hutsuneak mamitzeko helburuarekin erabiltzen ari ote den. Epaileak berriz ezetz, arduratzeko arrazoirik ez dagoela, IMC (gorputz masa indizea) osasuntsuaren muga barruan dagoela.
Joshua eta bere familia duela bi urte Perutik etorri ziren. Behingoagatik ikasturte honetan jateko, lo egiteko, bizitzeko mahai-ohe-testuinguru egonkor bat izango dute. Mutikoa, oinarri hori lortuta, orain bai, hizkuntza indartzeko irakaslearekin elkarlanean, euskara ikasteko prest eta gogotsu dago. Epaileak ezetz, beranduegi dela, bi urte luzez eskaini zaizkion trenak alferrik pasatzen utzi dituela eta jada HIPI laguntza izateko denbora-muga gainditu duela.
Alexeri ere antza, tristura sentitzea baimentzen duten trenak konturatu gabe igaro zaizkio. Duela bi urte geratu zen alargun, baina dueluaren malkoak askatzeko prest orain sentitu da, bestelako zuloetatik irtetea lortu duenean. Epaileak ezetz, negarrak ateratzeko denbora-muga gainditu duela, oraingoak isuri patologikoak direla eta pilulak irensteko garaia iritsi zaiola.
Nik epailea ez dut ezagutzen, eta agian epaileak kupidoren fletxak, bidaia agentzien eskaintzak, formula matematikoak, hezkuntza-zerrendak, kimikaren legeak …nik baino hobeto ezagutuko ditu, baina errespetuaren langa igaro gabe gabe, aholkutxo bat emango nioke: hastear dagoen ikasturte honetan bere tribunatxotik jaitsi eta mugak disolbatu-urtu-apurtu-malgutu daitezkeela bizituko duen ikastaroren baten izena eman dezala (eskaintza zabala da: ‘komunikazioa eta sormena’, ‘egungo gizartearen errealitateak’, ‘inteligentzia emozionala’… edo gaztelaraz bakarrik eskainiko den ‘la vida misma’).