Presoak ikasle
Oier Goitia, Ainhoa Uriarte eta Izaskun Barbarias
BINKE / 2021eko maiatza

«Euskara kartzeletara heltzea ezinbesteko dugu presook ere»

TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai

Preso direnek ere ikasteko eskubidea dute, nahiz eta ez duten espetxetik kanpo bizi direnek bezainbeste erraztasun. Horren lekuko dira Ainhoa Uriarte eta Izaskun Barbarias euskara irakasleak eta Oier Goitia preso ohia.

Presoen Euskara Irakasle Taldeko kideak dira Galdakaon bizi diren Ainhoa Uriarte (Etxebarri, 1969) eta Izaskun Barbarias (Urduliz, 1971). Sei irakasle hasi ziren duela lau urte preso zeuden bederatzi ikasleri euskara ikasteko laguntza eskaintzen, tartean orduan preso zegoen Oier Goitiari (Galdakao, 1974).

Bi urte jada, kartzelan zinela, EGA titulua jaso zenuenetik. Oier Goitia (OG): Bai. Aurretiazko asmo handirik gabe, baina azterketa egitera ausartu nintzen. Preso geunden eta euskara ikasteko asmoa genuen horiei laguntzeko HABEko irakasleak prest zeudela jakinarazi zidan aitak, eta batez ere bere afana tarteko ekin nion saiatzeari.

Preso zaudenean, halako erronka bat buruari egitea gogorra da? OG: Bai, tira. Zera gehituko nioke horri: euskaldun zaharra naizela, honek dakartzan alde on eta ez horren onekin. Kartzela aldaketa izan nuen gainera behin ikasten hasi eta gutxira, eta nire zorionerako, bertan euskara ikasten hasi berria zen kide batekin egin nuen topo. Berme handia izan zen hura niretzat, judizialki azterketa egiteko baimena lortua baitzuen hark.

Oasia basamortuaren erdian, beraz. OG: Dudarik gabe. Bera euskaldun berria zen, ni ordea zaharra. Joko bat izango balitz bezala ulertu genuen dena, eta halaxe aritu ginen patio orduetan, berak horren menperatua zuen teoria niri esplikatuz eta nik, aldiz, freskotasun puntu bat gehituz bion arteko elkarrizketei. Eta hala patioko eskola inprobisatuak gure egunerokotasunaren parte bihurtu arte.

Nekeza izan zen? OG: Bai. Barruan gaudenean ez dugu kanpoko berri handirik, eta guretzat oso garrantzitsua da hizkuntzarekin eta kulturarekin lotura edukitzea barruan, horrek etxetik gertuago sentiarazten baitigu. Nekeza da tutoreentzat eta guretzat, hartu-emanetarako jartzen dizkiguten trabengatik, baina, oztopo guztien gainetik, presook ezinbesteko dugu euskara ere kartzeletara heltzea.

Eta azterketa? OG: Ohikoena hiru egun desberdinetan egitea da, baina guk egun bakarrean egin genuen dena. Ezin ahaztu erditik egondako trabak: egun aldaketa, aztertzaileek barrura sartzeko izandako oztopoak eta mintzategia erabiltzera behartzea kasu. Izan genuen etsipen puntua, baina irakasleek administrazioei presioa egin ondoren lortu zuten azkenean aztertzaileak barrura sartzea. Urduritasunak eta zailtasunak tarteko, lortu genuen. 

Gogotik ari zarete irakasleok. Ainhoa Uriarte (AU) eta Izaskun Barbarias (IB): Halabeharrez. Euskaldunak gara, eta eskubide bat izan behar da herritar ororentzat hizkuntza hau ikastearen bermea, izan kanpoan edo kartzelan. Argi dago irakasleon aldetik konpromisoa eta nahia egon badaudela, eta trukean datoz ere barruan dauden ikasleen lana eta kemena. Euskal Herriko txoko askotako irakasleok dihardugu, baita bi estatuetako kartzeletan sakabanatuta dauden presoak ere. 

Zer eskatzen diezue kargu publikoei? AU eta IB: Ofizialtasunaren bermea, ezeren aurretik, kartzelan dauden euskal herritarrentzat. Ez da bidezkoa euskara ikasi nahi duten presoei ezartzen zaizkien trabak. Beste ikasketa batzuk ofizialak badira, zergatik ez euskara?