Iritziak
Berdez Bizi ekologista taldea eta Galdakaoko Udalaren garbiketa arloa
BINKE / 2021eko maiatza

Tabernak itxi osteko zaborra

Jendartean zabalduta dagoen kexa da: azken aldian, bereziki asteburu gauetan, gure herrietako kaleak zikinkeriz betetzen ditugu —tabernak itxi osteko parrandetan—. Hausnarketa egitera gonbidatu ditugu Berdez Bizi talde ekologista eta Galdakaoko Udala. 

Berdez Bizi ekologista taldea:

Garagardo botila bat, patata pakete bat, freskagarri lata bat… Gero eta errazagoa da era horretako zaborra gure herriko bazterretan pilatuta aurkitzea eta herritar batzuk arduratzen eta nazkatzen hasiak dira. Normala.Baina, nola heldu gara ba egoera honetara?

Gure ustetan, kaleak eta parkeak zikintzeko ohitura hau, gaur egun nagusi diren balore batzuen islada da. Hasteko, gizarte izugarri kontsumista batean bizi gara eta, beraz, gure aisia ere ezin dugu kontsumitu gabe ulertu.

Gainera, kontsumitzen ditugun produktuek gero eta bizi iraupen laburragoa dute, erabili eta bota. Eta nora bota? Ba askotan… lurrera, bakoitzak bere zaborrarekiko duen ardura kontuan hartu gabe. Arduragabetasun hori da egoera honen beste arrazoietako bat. Gure gizartea gero eta indibidualistagoa bihurtzen ari da, ez dago guztiona denareriko errespeturik, bakoitza bere zilborrari begira dago uneoro. Azkenik, zabor horrek ingurunean dituen ondorioei buruzko desinformazioa igertzen dugu.

Jende asko ez da benetan kontziente zaborra kalean edo naturan uzteak ekosistemetan eragiten dituen kalteetaz. Edo agian asko badira jakitun eta berdin zaie?

Egia esan, uste dugu keinu oso erreza dela bakoitzaren zaborra eskuan hartu eta zakarrontzi hurbilenera botatzea. Egin dezagun ba!

Galdakaoko Udalaren garbiketa arloa:

Osasun egoera larri honetan murgildurik daramagun denboran, arrazoiak arrazoi, gure herriaren aurpegia zikintzen joan dela iruditu zaigu.

Udalean, Gobernu taldeak ere, mezu hori jaso eta sumatu du. Herritarrok Galdakaotik irten gabe askoz denbora gehiago egon beharra izan dugu eta orain arte lokal edo barnealdeetan egin genitzakeen gizarte harremanak kalean egitera bultzatuak izan gara. Kalea askoz gehiago erabili da eta hori nabaritu egin dugu.

Horren aurrean, norbanakoaren kontzientziaren gain erantzukizun guztia jarri beharrean, Udaletik ere esku hartu nahi izan dugu. Urteak dira Galdakaoko eremu urbanizatuak handitzen joan direla, eta, orain arte, garbiketarako baliabideak eremu berrien artean banatu egiten ziren. Behin-behineko irtenbide moduan erabilgarria den aukera bat da baina, ezin da betirako luzatu. 

Horregatik, udal gobernu honek, egoera zein den ikusita eta erantzukizuna norbanakoekin partekatzeko asmoz, garbiketa zerbitzua eguneratu egin du eta ohiko kontratuan, urbanizatutako lur eremu berriak sartu ditu. Azken udalbatzan talde politiko guztiek onartu dute neurria aho batez.

Eremu berri bat urbanizatzen denean, lurraren jabeak, Udalari urbanizazioaren eremu publikoa lagatzen dio eta dagokion diru kopurua ordaintzen dio. Diru kopuru honen ordez, Udalak eremu horren mantenua eta garbiketa bere gain hartzen ditu.

Beraz, azken urteetan garatu diren eremu berriak ohiko kontratuan sartzeak, kale garbiketa zerbitzua askoz efizienteagoa bihurtuko du.
Udala eta herritarren arteko elkarlan partekatu honen ondorioz, gure herriaren aurpegia garbiago egotea lortuko dugu.