«Ordu aldaketa», Imanol Etxebarria
Imanol Etxebarria Intxaurraga
BINKE / 2020ko apirila
Ordu aldaketa
Ez dakit ze egunetan hasi gintzazan balkoian txaloka. Whatsapp-mezu biral bat heldu jatan erizainen lana goraipatzeko zortziretan txalo egin behar zala esanez eta halan urten neban neuk be balkoira.
Ilun egoan, auzoko batzuk txaloka barruntau nebazan. Lehenengo eguna zan. Egun hartatik balkoietatik era guztietako agerraldiak ikusi izan dodaz: esker oneko txaloak, haserrezko lapiko-hotsak, mugikorren linternen argipean isilune sakonak be.
Bozgorailuak topera ipinita «Txoria txori», «Mierda de ciudad» edo «Resistiré» entzun doguz. Musikariek be agertu dabe euren burua, tronpetari eta trikitilari batzuk fin astindu dabez euren instrumentuak. Eta txaloen osteko isiltasuna arintzeko «kamarero» eta «ikusi-makusika» ibili danik be egon da.
Lehengo astegoienaz geroztik, barriz, ordu-aldaketak iluntasunean egiten izan doguzan gauzak argitara ekarri deuskuz. Orain auzokoak argi ikusten doguz. Eta orain badakigu egun osoa etxean emon eta gero alkar ikusiko doguna. Eta gustura ikusi be, zortziretan arnasa hartu eta balkoietako jendeagaz —sarritan ezezagunakaz— geldituta gagoz-eta.
Ordu-aldaketak argitasuna ekarri deusku, baliteke pandemia honek onerako aldaketaren ordua ekartea.