Peru Galbete donostiarrak «Nor zara zu?» diska aurkeztu du gaur Sormenen
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
Peru Galbete donostiarrak «Nor zara zu?» diska aurkeztu du gaur Sormenen
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Doinu gozoz eta eztiz beteriko kontzertua eskaini du Peru Galbete sortzaile donostiarrak. Idoia Hernandez «Hatxerekin» batera aritu ondoren, «Nor zara zu?» bere lan berria aurkeztu du beste bi musikariren laguntzarekin.
Hatxerekin batera aritu ondoren Peru Galbeteren txanda iritsi da hurren, eta «Nor zara zu?» bere lan berria aurkeztu du. Sortzaile gisa definitzen du bere burua Peruk, eta honen barnean irudia eta musika landu ditu gehienbat bere ibilbidean zehar, azken lan honetan barne. Edinburgon izan zen urte eta erdi musika ikasketak egiten, eta Euskal Herrira itzultzean diska bat egin nahi zuela erabaki zuen. Ondotik etorri zen bere lehen lana, «Peru», lokalean bertan egina. Duela bi urtetik hona Uharten bizi da, eta bere haurtzaroarekin lotura zuzena duten diapositiba batzuetatik abiatuz, proiektu bat ari da bertako zentroan garatzen. Horrekin lotuta, bi lan desberdin egin zituen joan den urtean: «Uraren oldea» eta «Ura sartu zen barrura».
Autobus batean zela ezagutu zuen Idoia Hernandez «Hatxe», eta elkarren artean harremana sendotzen joan ahala bata bestearen kantak jotzen hasi ziren. Beranduago, aldiz, «Inner Galactic» proiektuan murgildurik zegoen eta haien laguna zen Sara haiekin batu, eta hiruko formatuan aritu izan dira margoa eta musika uztartuz. Azken urte honetan, hala ere, beste formatu bat hartu du «Hatxe» proiektuak. Diska berri honetan, normalean erabiltzen dituen doinu ilunetatik aldentzen saiatu da Galbete, horren adibide da, esaterako «Hitzen Hitzak» kanta. Diska, azken hiru urteetan zehar sortzen eta biltzen joan den kanta bilduma bat da. Sortzailearen esanetan, ez da erraza izan diskaren barruan zein kanta sartu, eta zein aldiz baztertu aukeratzea, itxialdiak lagundu zuen hausnartzen eta aukeraketa egiten.
Eskainitako ikuskizunari dagokionez, kontrabaxua eta gitarra izan ditu lagun berarekin batera Sormenen. Ahots eztiez eta leunez beteriko emanaldia eskaini du Galbetek, kontrabaxuak erritmoa finkatuz, eta gitarrajoleak berriz homofoniak eginez Peruren melodiari. Orokorrean kanta lasaiak, erritmo finkatuarekin eta doinu gozoz beterikoak. Batzuetan ulerterrazak ziren letrak, beste kasu batzuetan aldiz hizkuntza asmatu bat erabiliaz egindakoak. Emanaldiarekin amaitzeko, asmakizun bat abesti moduan kantatzearekin batera, kantautore portugaldar baten bertsioa ere egiten dute.
Peru Galbeteren ostean MG Banda taldearen txanda izango da. Arratiatik datorren talde honek, reggae, ska eta doinu klasikoz beteko du Torrezabal. Hurrengo saioak ere streaming bidez baino ezin daitezke jarraitu, eta Binkeren webguneko hasiera-orritik egin daiteke klik bakarrean.