Presoen Euskara Irakasle Taldeak administrazioari pasa dio kartzeletan euskara irakasteko lekukoa
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ainhoa Uriartek BINKEri bidalitakoa
Presoen Euskara Irakasle Taldearen lana amaitu da eta administrazioari pasa diote kartzeletan euskara eskolak emateko lekukoa. Duela zazpi urte inguru hasi zen boluntarioen talde hau eta honen parte izan dira, besteak beste, Galdakaon bizi diren Ainhoa Uriarte eta Izaskun Barbarias. Agur esateko adierazpen bat egin du taldeak eta hemen batu du BINKEk, hitzez hitz.
Apirilaren 9an agur esan zion Presoen Euskara Irakasle Taldeak bere lanari. Duela zazpi urte inguru hasi ziren kartzeletan euskara eskolak ematen eta aurrerantzean administrazioa izango da hauen arduraduna.
Hainbat boluntariok osatu du talde hau denbora luzean zehar, tartean Galdakaon bizi diren Ainhoa Uriarte eta Izaskun Barbarias, egun Galdakaoko Udaleko Euskara Teknikaria eta Euskara Zinegotzia, hurrenez hurren.
«Euskaldunak gara, eta eskubide bat izan behar da herritar ororentzat hizkuntza hau ikastearen bermea, izan kanpoan edo kartzelan», nabarmendu zuten 2021ean BINKEri eskainitako elkarrizketan.
Orain, agur esateko adierazpena egin dute bere taldekideekin batera eta hemen batu dugu, hitzez hitz:
«Azken 6 urteotan euskaltegietan lan egiten dugun hainbat irakasle abentura eder baten partaide izan gara. Azken Korrikan milaka eta milaka herritar euskaltzalerekin batera lau haizetara aldarrikatu genuen bezala, harro eta herri.
Sakabanaketa bere gordinkeria osoan zegoen indarrean, eta ehunka euskal herritarrek euskaraz bizitzeko eskubidea erabat kolpatua zuten: deserria zitzaien inposatua, euskal preso politiko izateagatik.
Deserriak hamaika zauri eragiten du, denak mingarri. Presoari berari eragindakoez gain, senide eta lagunen sufrikarioa dugu azpimarratzekoa. Eta dispertsioak ekarritako heriotza ekidingarri horiek guztiak gogoratu behar lehenik eta behin, barruko zein kanpoko: inposatutako bidaia luzeetan gertaturikoak, arreta mediku egokiaren faltak eragindakoak, isolamendu eta bakartzea muga-mugaraino eraman izanaren ondoriozkoak….
Mintzoa ere lapurtu nahi izan die urrutiratze eta sakabanaketa politika horrek: hitza, euskara, hizkuntza. Zauri latza, alajainkoa! Zauri horren sendagarri izan nahian, duela 6 urte zenbait irakasle hasi ginen urrutiko espetxe haietan ziren presoekin elkarlanean; hasieran EGA titulua eskuratu nahi zutenei laguntze aldera. Lehen urrats hartatik sortu zen azken urteotan euskaltegietako irakasle talde honek garatu duen ibilbidea.
Ezina ekinez egina. Esaldi iradokitzaile hau oinarri, deserriratze hark zekarren eskubide ukazio larriari aurre egin nahi izan genion. Euskal preso politikoak, beste euskal herritar guztiak bezalaxe, euskaraz bizi eta euskaraz ikasteko eskubidearen jabe ziren. Badira. Eta eskubideak defendatu beharrekoak dira, gauzatzekoak, beti.
Hainbat arlotan nozitzen zuten ukazio gordina: unibertsitatean euskaraz ikasteko aukerarik ez, posta edota telefono bidezko komunikazioetan erdaraz aritzeko inposizioa… Euskara hobetzeko edo euskaraz bizi ahal izateko ikastea bera ere, ezinezko. 2019-20 ikasturtean 43 irakasle aritu ginen eskubide ukazio horri zirrikitu sendagarri bat ireki nahian. Posta bidezko tutoretzen bidez, lagunentzat beharko liratekeen bisita batzuk eskuratuta,… Beste horrenbeste presorekin ibilbide polita garatu genuen sakabanaketak iraun zuen azken urteetan, emaitza dotoreak lortuta. Zailtasun guztien gainetik, euskara, deserriaren aurkako sendagai, Euskal Herriarekiko lotura zilbor.
Eta sakabanaketa amaituta, zorionez, aro berri bat ireki zen, honetan ere bai. Eta zera ikusi ahal izan dugu: Euskal Herrian bertan kokatuta ere, espetxea deserriratze sistema bat badela, berez. Eta ikusi, euskara ikasteko eskubidea bermatzeko, preso diren pertsona guztiei dagokien eskubidea bermatzeko, asko falta dela. Gure ekarpentxoa egin nahi izan dugu honetan ere. Presoek euskaraz ikasteko eta euskaraz bizitzeko duten eskubide hori gauzatu ahal izateko aukera egiazkorik izan dezaten, berdintasunean, inolako diskriminaziorik pairatu gabe.
Hasieratik bertatik planteatu genien administrazioko arduradunei espetxeetan euskara ikasteko moldeak ofiziala behar duela izan, kalean eskaintzen diren aukera berdinak eskainita, euskaltegien bidez garatzen den metodologia eta bitarteko egokiak bermatuta.
Hori ailegatu bitartean, iazko eta azken ikasturte honetan, ahalegin betean aritu gara. Euskal preso politikoekin abiatutako bidea preso guztientzako aukera bilakatu nahian. Zaballan egin genuen ahaleginarekin urratu genuen bidea: 106 presok euskara ikasteko euren borondatea adierazi eta matrikulatu ziren. Denari ezin erantzun eta emaitza azkarragoa ekar zezaketen mailei eskaini behar izan genien lehentasuna. Basaurin eta Martutenen ere ireki zitzaigun aukera. Ez, zoritxarrez, Iruñean; are gutxiago Lanemezanen.
Ibilbide honetako emaitzak oparoak izan dira. 2022-23 ikasturtean, euskara ikasten aritu dira 62 ikasle Zaballan, 33 Martutenen eta 24 Basaurin. Sekulako ahalegina egin dute eta emaitzak ere bikainak. Horrelaxe aitortu izan digute HABEko arduradunek ere. Ahalegin horretan laguntzaile ibili garen 33 irakasleok gure poza eta esker ona adierazi nahi diegu ikasleei lehenbizi, baita bide honetan lagundu diguten guzti-guztiei ere. Klaseak bideratzeaz gain, presoekin batera hainbat jarduera ere bideratu edo partekatu ahal izan dugu: hitzaldiak, kantaldiak, antzerki jardunak, ikastaro bereziak…
Gu abiatu orduko, Zaballan Bertso Eskola zoragarria bazebilen lanean, aitzindari. Haien laguntza ezinbestekoa jaso genuen lehen sarbidea errazteko. Bihoakie hemendik gure esker ona. Beste hainbat kultur eragile ere hortxe izan ditugu, bidaide. Beti bezala, euskal kultur sortzaileak eskuzabal eta miresgarri.
Izan ere, horixe da, ziurrenik, konturik garrantzitsuena: euskarak, espetxean ere, elkarbizitza hobetzeko bitarteko eraginkorra dela, oso; euskarak erakutsi duela, espetxean ere, pertsona guztien garapenerako ateak irekitzen dituela; euskara, beraz, izan daitekeela espetxea errotik aldatzeko funtsezko indar eragilea, berebiziko ahalmen askatzailea duena. Begi-bistan ageri izan zaigu hori guztia Zaballan, Basaurin eta Martutenen garatutako esperientzia emankor honetan.
Aurtengo ikasturterako agindu ziguten ikasketa prozesuari molde ofizialez eta osotasunez ekingo ziotela instituzioek, espetxe administrazioak eta HABEk elkarlanean. Urrian izan behar zuena orain gauzatu da, azkenean. Eta dagoeneko ikasten ari diren presoen jardunak babes ofizial osoa du. Dagoeneko, borondate hutsez aritutako irakasleok lekukoa eman diegu euskaltegiei, beraiek gara dezaten abiatutakoa. Urrats funtsezkoa da, bere txikitasunean. Batez ere, datorren ikasturtean, Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan euskara ikasteko aukera OSOA izango delakoan, eskubide-berdintasuna aitortuta eta diskriminaziorik gabe.
Urrats berriak, urrats gehiago behar dira, jakina, espetxeetan euskaraz bizitzeko aukera erreala eta kalitatezkoa izan dadin, espetxea, berez, deserriratze sistema bat baita. Ahalegin handia egin beharko dugu euskara eta euskal kultura protagonistak izan daitezen preso diren pertsonen etxeratzea azkarragoa eta sendoagoa izan dadin. Denon artean espetxe zigortzaile ereduari uko egin eta bestelako moldez heldu diezaiogun euskal herritar horien guztien premiei.
“Euskara dugu gure lurralde libre bakarra” zioen Sarrionaindiak. Askatasunean eta elkarbizitza oparoan bizitzen ikasteko ardatz eraginkorra izan daiteke. Halakoxea da. Egunero ikusten dugu euskaltegietan. Ageri-agerian ikusi dugu espetxeetan ere. Dei berezia egin nahi diogu, beraz, euskal jendarteari oro har, eta bereziki euskaltegiei zein euskal kulturaren sustatzaile orori, adi egon daitezen eta datorren ikasturteari begira, matrikulazio garaian, espetxeak ere gogoan izan ditzaten.
Eta hauteskunde kanpainan egonik, nola ez, eskaera zehatza alderdi politiko guztiei: hausnarketa bat eta proposamen bat. Euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu beharra dago herritar guzti-guztientzat, inolako diskriminaziorik gabe. Hori egia izan dadin, hizkuntz politika eraginkorrak, ausartak behar ditugu. Euskal herritarron eta gure erakunde demokratikoen erabakien errespetua oinarri, nola ez. Eta arlo guztietan aukera berriak ireki behar. Erronka horietakoa dugu espetxeetan euskara klaseak era duin eta egokian antolatzea. Eta hortik hasita, gure arloan hain garrantzitsuak izan diren Barnetegiak gogoan, egungo espetxe eredua gaindituko duten “kanpotegiak” pentsatzen eta antolatzen hastea.
Ibilbide hau ahalbidetzeko euskaltegietako hainbat eta hainbat irakaslek bere diru ekarpen eskuzabala egin dute. Eta ibili gara gure poltsak saltzen, manifetan pankarta aireratzen… orain, agurtzeko unean, bildu ditugun bitarteko xume horiekin zer egin erabakitzeko unean, HARRERA elkarteari bideratuko dizkiogu gure azken hondarrak.
Basauriko gure ikasle batek idatzi zigun Korrikan:
Ttipi ttapa, ttipi ttapa…
zuek gabe ezingo zen izan,
ezin izango zen,
ezingo izango zen,
ezingo izengo zengo…
bakoitzak bere moduan,
denok ZANGO OZEN!
Bada, horixe! Zoragarria izan dela. Konpromisoak ematen duen satisfaziotik adierazi nahi dizuegu, ikasleoi bereziki, merezi izan duela, beti merezi baitu ekitea eskubideak hedatzeko, zabaltzeko, finkatzeko. Deserri nagusia bukatu da, zorionez, baina euskal presoak etxean nahi eta behar ditugu; euskaltegietan ikasle-irakasle, beti ere euskaraz bizitzeko ahaleginean eragile.
Herritar orori eta preso guzti-guztiei zor diegu euskaraz bizitzeko aukera. Euskara ikasteko eskubidea bermatuta. Espetxeak euskara behar du eta euskarak espetxeetako biztanleen ekarpena ere bai.
Mila-mila esker abentura honetako bidelagun izan zareten guztiei.
Adiorik ez!
Harresirik gabeko mundua amets, zirrikituak eraiki, euskaratik eta euskaraz!»