Santa Ageda bezpera ospatuko dute bihar Galdakaon eta Usansolon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Euskadi Turismo
Bihar, otsailak 4, Santa Ageda bezpera ospatuko dute Galdakaoko zein Usansoloko hainbat taldek. Urtero bezala, herrietako lagun taldeak eta elkarteak kaleetan zehar ibiliko dira Santa Agedari abesten.
Tradizio denez, Santa Agedari abestera irtengo dira euskaldunak otsailaren 4an. Galdakaon eta Usansolon ere, ikastetxeetako ikasleek, lagun taldeek eta elkarteek Santa Ageda bezpera ospatuko dute.
Umeek gaur bertan, eskola eguna denez, kantatuko diote Santa Agedari. Txikienentzat oso egun berezia izan ohi da, izan ere, arropa jantzi eta makila eskuan dutela abestera batzen dira.
Nagusiak ordea bihar, otsailak 4, ibiliko dira Galdakao eta Usansoloko kaleetan zehar. Herrietako zenbait eta zenbait lagun talde eta elkarte irtengo dira Santa Agedari kantatzera eta zapatua dela kontuan izanda, hainbatek egun osoko egitaraua antolatu dute. Beste batzuk goizez arituko dira eta beste asko arratsaldez.
Guzur Aretxa kultur elkarteak esaterako pandemia aurretik elkartzeko eta kalera Santa Agedari abestera ateratzeko zegoen ohitura mantenduko du. Goizeko 12:00etan abiatuko dira Herriko Bentatik eta Galdakaoko auzo eta txoko ezberdinetatik ibiliko dira, preso dauden senideen etxeetan geldialdiak eginez.
Andra Mari Dantza Taldeko neska eta mutilak ere arituko dira Galdakaoko kaleetan zehar 12:00etatik aurrera. Artetxetik abiatuko dira eta besteak beste Aretxondo, Pontzi Zabala, Plazakoetxe eta Santi Brouard enparantzan izango dira.