Taldeetako kide kopurua mugatuko da aurten ere Santakurtzetako kuadrillen desfilean

Argazkia: Peio Zamalloa

Txupinazoa baino lehen Santakurtzetan antolatu ohi den kuadrillen desfileko taldeetako kide kopurua mugatuko da aurten ere. Talde bakoitzeko gehienez 100 kidek parte ahal izango du, «pilaketak eta atzerapenak saihesteko».

Barikuan, irailak 12, hasiko dira Santakurtzak eta  hamar egunetan zehar adin eta zaletasun guztietarako ekintzak izango dira Galdakaon, BINKEk jaso zuen moduan.

Ohi denez, kuadrilla desfileak irekiko ditu jaiak, pregoia eta txupinazoa baino lehen. Ekintza honek berrikuntza nabarmena izan zuen iaz, izan ere, taldeetako kide kopurua mugatu zuen antolakuntzak eta kuadrilla bakoitzeko gehienez 60 kidek parte ahal izan zuen desfilean.

Neurriak emaitza «oso onak» izan zituen eta horregatik aurten errepikatuko dute, baina kopurua handituz. Zehazki, 100 kide gehienez parte ahal izango dute igoeran kuadrilla bakoitzeko.

«Helburua aurten ere pilaketak eta atzerapenak saihestea da», adierazi dute Galdakaoko Udalak eta Jai Batzordeak.