Trafiko zailtasunak izango dira bihar Bilbora heltzeko, Athleticen ospakizunen ondorioz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Bihar, apirilak 11, Athletic Clubek zapatuan lortutako Espainiako Erregearen Koparen ospakizunak izango dira eta honen ondorioz milaka pertsona espero dira Bilbon. Horregatik, hiriko hainbat sarrera moztuko dituzte eguerditik eta zailtasunak izango dira Galdakaotik eta Usansolotik ere Bilbora heltzeko.
Athletic Clubek Espainiako Erregearen Kopa irabazi zuen zapatuan RCD Mallorcaren aurka eta bihar, apirilak 11, izango dira ospakizunak. Gabarra arratsaldeko 16:30ean abiatuko da Abrako Itsas Klubaren pantalanetik eta 18:30ean iritsiko da Bilboko udaletxeko eskaileretara. Ondoren, hiritik zehar izango dira jokalari zurigorriak.
Bilbon milaka pertsona izango dira jokalariak ikusteko zain eta horregatik segurtasun neurri bereziak izango dira egunean zehar hirira sartzeko.
Zirkulazio-murrizketa gehienak 14:00etan hasiko dira. Besteak beste, Olabeaga inguruan ibilgailuentzat itxita egongo da; egoiliarrak eta larrialdi-zerbitzuak bakarrik igaro ahal izango dira, Ventosa bidetik.
Itsasadarraren ezkerraldean jarraituz, Uribitarte pasealekua itxita geratuko da ibilgailuentzat, 14:00etatik 21:30era, gutxi gorabehera. Garajeek eta aparkalekuek murrizketak izango dituzte, eta, beraz, bizilagunei gomendatzen zaie denbora-tarte horretan ibilgailu pribatua ez erabiltzea. Gainera, jende-kopuruaren arabera, Abandoibarra etorbidea eta Ramón Rubial kalea zirkulaziorako itxi ahal izango dira.
Gauza bera gertatuko da itsasadarraren beste aldean: Elorrietako erriberatik Bilbora sartzeko bidea itxi egingo da, bai eta Botikazar erribera –Agirre Anaien kalea eta Heliodoro de la Torre artean–, Unibertsitate etorbidea eta Campo Volantin ere. Kale horiek segizioa igarotzean itxiko dira, eta egoiliarrei eta Deustuko Unibertsitateko ikasleei bakarrik utziko zaie pasatzen, egoerak horretarako aukera ematen badu.
Hortaz, eguerditik aurrera, zailtasunak egongo dira kotxez Bilbora heltzeko, izan ere, auto-pilaketak espero dira sarrera guztietan. Autobusek ere aldaketak izan ditzakete ibilbidean murrizketetara egokitzeko eta instituzioek Bizkaibuseko sareetara adi egoteko deia egin dute. Halaber, Galdakaotik eta Usansolotik Bilbora heltzeko trena erabiltzeko gomendioa egin dute.