Udalak errolda eskubidea ukatu egiten duela salatu dute gaur Gizarte Ekintzan
Gizartea
BINKE / 2022ko apirila
Udalak errolda eskubidea ukatu egiten duela salatu dute gaur Gizarte Ekintzan
TESTUA: Erredakzioa
IRUDIAK: Galdakaoko Etxebizitza Sindikatua
Ayyoub eta Noureddine galdakoztarrei Galdakaoko Udaletik errolda eskubidea ukatzen dietela salatzen denbora darama Etxebizitza Sindikatuak, eta gaur salaketa hori Gizarte Ekintzaren bulegoetara eraman dute. Hemen batu ditu Binkek bizi izan den egoera, lortu dutena eta sindikatuak argitaratutako bideoa.
Galdakaora etorri zirenetik hilabeteak igaro badira ere, «Ayyoub eta Noureddine sindikatukideei Udaleko gizarte zerbitzuek behin eta berriz errolda soziala ukatu» egiten dietela salatu dute gaur Elkarlaguntza Sarearen barne kokatuta dagoen Etxebizitza Sindikatuko kideek.
Erroldarekin batera, «osasunerako, herriko zerbitzuetarako zein laguntza ekonomikoetarako oinarrizko eskubideak ere» ukatzen zaizkiela diote sindikatuko kideek, «eta prekarietate egoera larrian bizitzen jarraitzera behartzen dituzte».
Horregatik gaur, 09:30ean, zenbait lagun Galdakaoko Ardanza parkean kokatuta dagoen Gizarte Ekintzaren bulegoetan sartu dira, banderak, txistuak eta kartelak eskuan «Ayyoub eta Noureddine bakarrik ez daudela erakustera» eta «errolda soziala denontzat» eskatzera.
Bulegoko langileren batek, bere aldetik, idatziz erantzun die bertaratutakoei: «Zuen buruei galdetu diezue nork erabakitzen duen hemen, nork hartzen dituen erabakiak?». Hasieran udal-langile batzuk urduri jarri direla aitortu diote Binkeri, «baina momentuan lortu dogu bilera bat egitea Udaleko zinegotziagaz, idazkariagaz eta gizarte-langileekaz».
Pozik agertu dira Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuko kideak, eta hala aitortu diote mezu bidez aldizkari honi: «45 minutuko bileraren ondoren, berriro biltzeko eta errolda soziala lortzea ahalbidetuko duten baldintza teknikoak behin betiko ezartzeko konpromisoa izan da emaitza».