Udalekuetan begirale izan gura duzu? Hemen jakin beharrekoa!
Aisia
BINKE / 2022ko maiatza
Udalekuetan begirale izan gura duzu? Hemen jakin beharrekoa!
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Copyleft Monkey Bussines
Behin udalekuetan izena emateko epea itxita, hauetan begirale lanean aritzeko epea irekiko da maiatzaren 9an. Horretarako, gutxieneko baldintza batzuk bete beharko ditu interesa duenak eta ondoko albistean batutako helbidera idatzi.
Apirilaren 20an jakinarazi bezala, Galdakaoko, Aperribaiko eta Usansoloko udalekuetan izena emateko epea zabalik egon da hilaren 19tik 27ra bitarte. Orain aldiz, udaleku horietan begirale aritu gura duten herritarrei zabalduko zaie izena emateko epea, maiatzaren 9tik 13ra bitarte.
Bertan lan egingo dutenek 4 eta 11 urte bitarteko gazteekin aritu beharko dute Urretan, Gandasegin, Aperribain edo Usansolon.
Aurretik Binkek iragarri bezala, hiru txanda izango dituzte aurtengo udalekuek: uztailaren 5etik 15era lehena, 18tik 29ra bigarrena, edo hilabete osoz —5etik 29ra— hirugarrena.
Udalekuen antolakuntza lehiaketa publiko bidez lizitatzen da, eta aurten Alaiki enpresak izango du horren ardura. Beraz, informazio gehiago nahi duenak edota begirale izateko izena eman gura duenak, harrera@alaiki.eus helbidera idatzita egin dezake.
Horretarako, gutxienez euskarazko C1 maila eta begirale titulua izan beharko du interesdunak.