Urte amaierako jaia ospatuko da bihar Usansolon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Fil Adendron
Jai berezi bat prestatu dute bihar, abenduak 30, Usansoloko hainbat taldek urteari amaiera emateko. Goizean mendi-irteera antolatu dute eta arratsaldean kanpai-hotsak, txokolatada eta poteo musikatua izango dira Unkina plazan.
Familia eta lagunekin batera gozatzeko uneak dira urteko azken egunak. Kolorea eta jai giroa dira nagusi eta ospakizunetara batu dira Usansolon, bihar, abenduak 30, ekitaldi berezia prestatu dutela 2022ari agur esateko.
Goizean goiz hasiko da, mendi-irteera antolatu dutela 9:00etan. Arratsaldean berriz, ospakizunekin hasiko dira Unkina plazan, zehazki 20:00etatik aurrera. Ordu horretan kanpai-hotsek ongi etorria emango diote 2023 urteari eta jarraian txokolatea hartzeko aukera izango dute auzokideek.
Musikak ere tartea izango du bihar Usansolon, 21:00etan poteoa izango dela herriko kaleetatik zehar trikitixak lagunduta.
Athletic Peña Usansolo Gure Herriak, Burtotza Mendi Taldeak, S. D. Umore Onak, Gorosibaiko Auzo Elkarteak, Mirarik, Oinarin Dantzari Taldeak, Txoko Umore Onak, U113 Triatloi Taldeak, Usansoloko Orfeoiak eta Usansolo Herriak antolatu dute ekitaldia elkarlanean.