Usansoloren segregazioa azaroaren 23an bozkatuko dute Batzar Nagusietan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Bizkaiko Batzar Nagusiak
Lurralde honen eskumenei dagokionez, segregazio prozesuan azken pausoa emango du Usansolok datorren azaroaren 23an, goiz horretan bozkatuko baitute Batzar Nagusietan Usansolo Bizkaiko 113. udalerri bilakatzea onartzen duten ala ez. Gernikara joateko autobusa antolatu du Usansolo Herriak. Hemen batu ditu Binkek orain arte jakitera eman diren xehetasunak.
Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izateko zorian dago, bai behintzat lurralde honetako erakundeen aldetik. Galdakaotik bereizteko segregazio prozesua azaroaren 23an Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernikan egingo duten osoko bilkuran bozkatuko da behin betiko. Urriaren 11n lehen izapidea gainditu zuten, eta badirudi gehiengoaren babesa datorren hilaren 23an errepikatuko dela.
Galdakaoko Udalak egindako segregazio-eskaera batzorde instituzionalean, Gobernu Onean eta Gardentasun batzordean eztabaidatu zen, Binkek egun berean iragarri zuen bezala. Enklabe berria ekonomikoki jasangarria izango litzatekeela ziurtzat jotzen duten foru-txostenak berretsi ondoren, prozesuak lehen muga gainditu zuen. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos desanexioaren alde agertu ziren, beti bezala, eta oraingoan EAJ ere bai. PP abstenitu egin zen eta PSEk kontra bozkatu zuen.
Azaroaren 23ko bozketa horren harira Usansolo Herria (UH) plataformak irteera antolatu du, herritik Gernikako batzar etxera autobusez doan joateko. Joateko interesa dutenek izena eman beharko dute azaroaren 11ra bitarte UHren egoitzan 09:00-11:00 eta 18:00-20:00 ordutegietan. Bestela, azaroaren 12 eguerdian ere aukera eskainiko dute UHkoek izena emateko, 12:00-14:00 bitartean egoitza berean.
Autobusa Unkina plazatik irtengo da, eta ordutegia aurrerago zehaztuko badute ere, «ziurrenik» 08:00etan irten eta 12:00etan itzulera egingo dutela iragarri du kartel bidez UH plataformak.