Valencia de las Torres, Galdakao eta Usansoloren arteko senidetzaren urteurrena ospatuko dute barikuan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Maiaren sareetatik
Aurten 25 urte bete dira Valencia de las Torresek eta Galdakaok senidetza akordioa sinatu zutenetik eta barikuan, urriak 25, urteurrena ospatuko dute herri biek Usansolorekin batera. Extremadurako herriko ordezkaritza bat izango da gure herrietan eta Jon Maiak ‘Bi lur, lore bat’ saioa eskainiko du Usansoloko kiroldegian.
Mila pertsona inguruk Valencia de las Torrestik Galdakaora eta Usansolora eta migratu zuten 1950eko hamarkadan eta mugimendu hark «arrasto handia» utzi zuen hiru herrietan. Elkar eragite eta aberaste horren aitortza gisa, senidetze-akordioa sinatzea erabaki zuten Galdakaoko eta Valencia de las Torreseko udalek 1998an.
Badajozen izan zen sinadura eta horren ostean Valencia de las Torres herriko ordezkariek Galdakaora lehen bisita ofiziala egin zuten. Orain, 25 urte igaro dira bisita horretatik eta urteurrena ospatuko dute barikuan, urriak 25. Horretarako, Valencia de las Torreseko ordezkaritza bat Galdakaora eta Usansolora etorrriko da.
Hiru udalerrietako alkateak, Iñigo Hernando, Agustin Aizpuru eta Pedro Escuder, Galdakaoko udaletxean elkartuko dira senidetza ospatzeko, eta baita udaletako ordezkariak, Valencia de las Torresetik etorri ziren galdakoztarrak eta migratzaile izan ziren haien seme-alabak ere. Halaber, Fernando Landak ere parte hartuko du ekitaldian; senidetzea sinatu zuen Galdakaoko alkate ohiak.
Bi ekitaldi egingo dira barikuan urteurrena ospatzeko. Batetik,13:30ean, harrera instituzionala egingo da Galdakaoko udaletxean, eta arratsaldean, 19:00etan, Jon Maia bertsolariak ‘Bi lur, lore bat’ saioa eskainiko du Usansoloko kiroldegian. Ondoren, Santurtziko Zentro Extremeñoko Brotes de Extremadura dantza taldeak erakustaldia egingo du.
Galdakaoko Udalean 13:30ean egingo den harrerara joateko izena eman behar da aurretik udala@galdakao.eus helbidera idatzita edo 944 010 506 telefonora deituta.