Xabier Garcia Gaztelu eta Jon Bienzobas preso galdakoztarrak gerturatu egin dituzte
ARGAZKIAK: EFE Agentzia
TESTUA: Jon Gomez Garai
Abuztuaren amaieran Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak beste 13 euskal presoren gerturatzeak adostu zituen. Egunotan ari dira euskal espetxeetara iristen, besteak beste, Xabier Garcia Gaztelu eta Jon Bienzobas preso galdakoztarrak.
Udak dakarren deskonexioarekin oharkabean igaro dira zenbait albiste, tartean abuztuaren 31n Eusko Jaurlaritzak Espainiako Espetxe Erakundearekin adostu zituen 13 presoren lekualdatzeak. Horien artean gerturatu dituzte Xabier Garcia Gaztelu eta Jon Bienzobas preso galdakoztarrak.
Henri Parot, Aitor Agirrebarrena Beldarrain, Ismael Berasategi Escudero, Manex Castro Zabaleta, Oskar Zelarain Ortiz, Juan Manuel Inziarte Gallardo, Felix Alberto López de Lacalle Gauna, Eider Pérez Aristizabal, Juan Luis Rubenach Roiz, Jon Igor Solana Matarrán eta Jose Antonio Zurutuza Sarasola dira, Garcia Gaztelu eta Bienzobasekin batera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetara gerturatu dituzten presoak.
Orain, iazko irailetik Eusko Jaurlaritzaren eskumenean denez EAEko espetxe politika, kartzelaratutako pertsona guzti hauen ardura euskal erakundearena izango da. Hortaz, Iñigo Urkulluren exekutiboak erabakiko du aurrerantzean ETAko kide izatea leporatzen dieten 13 gatibu hauekin zer egin.
Gazteluk, esaterako, 2023ko abuztuan zigorraren hiru laurdenak beteta izango ditu, eta horren aurrean litikeena da hirugarren gradua eskaintzea Jaurlaritzak. Hirugarren graduan, Jon Crespo galdakoztarrak eta beste hainbatek bezala, egunez kalera irteteko eskubidea izango luke Gazteluk.