Zabaleako Gandasegi doktorearen etxea eraistea ezin izan du saihestu Udalak
Ondarea
BINKE / 2022ko maiatza
Zabaleako Gandasegi doktorearen etxea eraistea ezin izan du saihestu Udalak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Naia Bergaretxe Sarria
Gandasegi doktorea jaio zen Zabaleako etxea eraistea ekiditzen saiatu da Galdakaoko Udala, «eraikin historikoa» mantendu gurean, baina jabeek ez dute egindako eskaintza onartu eta eraiste-lanak hasi dira.
Gandasegi doktorea jaio zen Zabaleako etxea botatzea saihestu gura izan du Galdakaoko Udalak, baina ez du lortu. Jabeekin kontaktuan egon da herriko «eraikin historikoa» mantendu nahian, eta erosteko «eskaintza ona» egin die «behin eta berriz», Udalaren arabera. Hala ere, jabeek ez dute eskaintza onartu eta eraikuntza enpresa baten esku utzi dute.
Erabakiarekin «penatuta» dagoela dio Udalak, eta bere ustez Galdakaoko historiaren zati bat desagerraraztea izango litzatekela. Gainera, edifizio hau aurretik interesatzen zitzaiola onartu du, eta ekintza ezberdinak antolatzeko erosteko prest zegoela iragarri nahi izan du, hala nola, erakusketa kulturalak eta bilerak egiteko.
Herrian balio historiko eta kulturala duten beste hainbat eraikinen zerrenda bat egin dute, non momentuz, babestu beharreko 14 eraikin dauden. Herriaren «azterketa sakona» egin ostean, 89 eraikin, zubi, ermita, frontoi eta gune batu dituzte zerrenda hortan, horien artean Gandasegi doktorea jaio zen Zabaleako etxea.
«Tramitazio eta prozedura luzea eskatzen duen bidea da Kultur Ondarearen Katalogoa eta Babes Ofizialerako Araudia osatzea», eta Udalak iragarri duenaren arabera, «etxe sinbolikoa eraistearen albistea bidea hasi berri» heldu zaie. «Asmoen berri jakin bezain laster», etxea erosiz prozesua gelditzen saiatu zirela adierazi dute, baina jabeek ez zuten eskaintza onartu eta jada lanak hastear daude.
Legez, administrazioek ezin dute tasazio ofiziala —1.575.000€ udal arkitektoak finkatuta— baino gehiago ordaindu. Horren ondorioz, Udalak «egindako eskaintza mantentzen du eta herriaren ondarea herritarren erabilerarako atontzeko prest segitzen du», nahiz eta eraikin honekin ez den posible izan.