Jon Mentxakatorre: «Mitoak gure autoulermenerako iturri dira»
Jon Mentxakatorre, ikerlari eta irakaslea
BINKE / 2024ko iraila
Jon Mentxakatorre galdakoztarrak Mondragon Unibertsitatean egiten du lan, ikerlari eta irakasle. Filosofia eta mitoak aztertzen ditu eta iaz ‘Euskal ahozko ipuinak eta lurpeko eremua. Antologia eta azterketa’ liburua argitaratu zuen. Lanaren eta bere ikerketen inguruan gehiago ezagutzeko helburuz, berarekin hitz egin du BINKEk.
Gauza materialek gero eta garrantzi gehiago hartzen ari diren aro honetan, hauek alde batera utzi eta errealitatea ulertzen saiatzen da Jon Mentxakatorre. Galdakoztarrak Mondragon Unibertsitatean egiten du lan, ikerlari eta irakasle, eta filosofia eta mitoen inguruan hausnartzen du batez ere. Hain zuzen, azken hauek abiapuntu duen ‘Euskal ahozko ipuinak eta lurpeko eremua. Antologia eta azterketa’ argitaratu zuen iaz.
Zer dira mitoak? Jainkozkoaren berri ematen duten kontakizunak dira. Hala, mundua ohi uste duguna baino askoz aberatsagoa dela erakusten dute, begi hutsez ikusten duguna baino gehiago dagoen argia ekartzen dute. Bestela esanda, zirrara eta lilura sorrarazten duten ipuinak dira, eta mundua ohi bizi dugun eran agortzen ez den oihartzuna egiten dute.
Hauen inguruan zer batzen du zure lanak? Nire lanak euskarazko, ahozko eta tradiziozko hamaika mito jasotzen ditu, eta lehen mitopoesia corpus sistematikoa eskaintzen du. Mitoak zikloka antolatu dira, euskal iruditegi biziari koherentzia emateko asmoz, eta haien azterketarako gako eta heldulekuak azaltzen dira. XIX. mendetik XXI. mendera Euskal Herri luze-zabalean jasotako hainbeste mito elkarren artean josirik, euskal mitopoesia argiago ageri zaigu, eta ondoren egin litezkeen azterketa mitologikoetarako bidea ireki. Izan ere, ipuinek munduaren sorreratik amaierarako ibilbidea eratzen dute.
Norbere buruari begiratzen ematen dugun aro honetan, transzendentziak jendearen atentzioa pizten jarraitzen du? Bai, noski. Pertsona oro, berez, inork irakatsi gabe, zentzuaren gaineko azken galderak egiteko gai da: bizitza zer den, asmorik ote dagoen, heriotzaren ondoren zer… Zergatiaz itauntzeko eta hausnartzeko gaitasun hori daukagun heinean –eta horixe da, hain zuzen, gizaki egiten gaituen ahalmena–, transzendentziaren gaineko gogoetak beti izango du toki esanguratsua. Beste kontu bat, ordea, modernitate azeleratuaren joera da. Poliki eta sakon aritzea, aurrekoei entzutea, taldean pentsatzea edo munduaz haraindi arreta jartzea ez datoz haren izaerarekin bat.
Zer da euskal mitologiak gaur egungo errealitatea ulertzeko egin dezakeen ekarpena? Mitoak gure autoulermenerako iturri dira. Alde batetik, haietan esandakoaren aplikabilitatea izan dezakegu gurera, jarreretan onera egin dezagun. Bestetik, gu hemen egotea gure aurrekoei zor diegu, eta haien mundua ulertzeko leiho zaizkigu mitoak. Eta azkenik, eta ziurrenik hau da garrantzitsuena, aurrekoen sentitzeko eta sortzeko ur berberetan aritzeko iturri zaigu mitologia, herri bat eta bera izaten jarrai dezagun. Irudi biziko emari horren su berbera da gure herriaren beste hainbat arlo egosi dituena: gizabidea, herrigintza, duintasuna, berdintasuna…
Tolkienen inguruko tesia egin zenuen ere. Zergatik da hain interesgarria bere lana? XX. mendea historian ezagutzen dugun garai ilunena da, eta Mendebaldea krisi sakonean sartu zuena. Egiaren gaineko diskurtsoak mesfidatiak eta jokaeren erlatibismoaren etika gabeziak askoak bihurtu zirenean, idazmenaren arte-ederraren bidez, hau da, bide estetikoaren bidez, munduari edertasun koordena berriak eman zizkion. Horren eragin garbi eta onbera da, zalantzarik ez, Eraztunen Jauna mendeko libururik irakurrienetakoa egin izana. Tolkienek betiereko gai handietara jo zuen: hizkuntza, mitoa, edertasuna, heriotza. Horiei era hain landuan heldu izanak poeta handienen lerroan kokatzen du autorea.
Beste elkarrizketa batean aipatu zenuen abesteari utzi diogunetik munduak lilura galdu duela. Zer esan nahi duzu honekin? Inoiz baino abesti gehiago dugu eskura, baina sarean edo disko gogorretan, ez gure baitan. Eta gogoan dauzkagun abestiak, taldean gero eta gutxiago kantatzeaz gain, gero eta gutxiago hitz egiten dute gutaz eta gehiago nitaz. Horrek ondorio handi bi dauzka. Alde batetik, gure herriaren bizi-indarra ahuldu egiten da, eta, bestetik, aho-belarriz bizitzeko gaitasuna galdu. Horregatik, mundua gero eta txiki eta xeheagoa bihurtzen ari zaigu. Jendeari begietara begiratzeko eta luze hitz egiteko, edo inora joan eta sakon ikusteko gaitasuna zulatzen ari zaigu. Ondorioz, egunerokoaren berezitasunak zirrara galtzen du, eta mundua estuagoa bilakatzen zaigu. Baina, elkarrizketa hartan esan nuenez, oraindik ere liluratzeko gai gara. •