Paul Johnston, Ipar Irlandatik etorria
BINKE / 2021eko martxoa

«Euskara ikastea nire bizitzako nahietako bat da, duda barik»

Paul Johnston (Belfast, 1971) orain hamar urte etorri zen Galdakaora. Maitasun arrazoiak direla medio, Belfasten bizitzeari utzi eta gurera etorri zen. Geroztik, bere bizitza herrira egokitu eta herrigintzan aritu izan da Paul.

Noiz heldu zinen Galdakaora? Lehenengoz duela hogei bat urte etorri nintzen Galdakaora. Hasieran joan-etorriak egiten nituen, baina orain dela 10 urte erabaki garrantzitsua hartu nuen nire bizitzan eta geroztik Galdakaon bizi naiz. Horren arrazoi nagusia maitemindu nintzelako izan zen, nire bikotea bertakoa baita. 

Zer da Galdakaotik gehien gustatzen zaizuna? Gehien gustatzen zaidana herriak duen paisaia da: mendiak, koloreak… gainera, herriak duen historia ere izugarria iruditzen zait eta zer esanik ez bertako jendea eta janaria. Herrian dagoen giroa ere ezin hobea iruditzen zait, eta horrek oso zorionekoa sentiarazten dit. 

Herrira etorri zinenean zer izan zen zailen egin zitzaizuna? Hasiera batean aldaketa kulturalera ohitzea oso zaila egin zitzaidan, bizi izan naizen lurraldeetan kultura nahiko errotua dago eta. Gainera, bertako hizkuntzara moldatzea ere zailtasuna izan zen niretzat. Bestalde, zuritoetara ohitu nintzen arte, faltan nituen Guinessak eta pinta garagardoak.

Euskaraz badakizu? Oso gutxi. Hainbat aldiz saiatu naiz ikasten, baina ez dut aurrerapen handirik lortu. Zaila da niretzat, gehienbat oso denbora gutxi dudalako. Gainera, nire ustez euskara ikastea doakoa izan beharko litzateke. Dena den, niretzat bertan bizitzeko ikasi beharreko hizkuntza dela uste dut, eta gainera, bertan daukagun hizkuntza altxor preziatua dela. Bestalde, azpimarratu nahiko nuke euskara ikastea nire bizitzako nahietako bat dela. 

Zelan ikusten duzu euskararen egoera herrian? Inbidiaren ikuspuntutik ikusten dut nik egoera. Nire herrialdean gaelikoak duen situazioa askoz larriagoa da. Bertan egonda, asko pozten nau umeak eta baita gurasoak ere euskaraz hitz egiten ikustea; azken finean, egungo umeak izango dira etorkizunean euskararen transmisioaz arduratuko direnak. 

Galdakaoko Berdez Bizi taldeak antolatutako ekintza baten baino gehiagotan ikusi zaitugu. Ekologismoak asko arduratzen nau. Natura maite dut eta herrian berde gehiago eta hondakin gutxiago ikustea gustatuko litzaidake. Horregatik, Berdez Bizi ekimena oso polita iruditzen zait. Ildo beretik, zabor bilketa bezalako ekintzetan gazteek parte hartzea itxaropentsua dela uste dut, eta etorkizunerako esperantza handia ematen dit. Azkenik, herriko gazteria kontzientziatuta dagoela eta oso jatorra dela azpimarratu nahiko nituzke.