Gilbert Kosi, modeloa
BINKE / 2022ko otsaila

«Modelo izateko itxura fisikoa oinarrizkoa da, baina ez da garrantzitsuena»

Gilbert Kosi Rodriguez
1998, Galdakao

Ordura arte modelo izateko asmorik ez bazuen ere, Bengoetxeko institutuan batxilergoa amaitu eta berehala sartu zion amak modelo izateko arra gorputzean. Gaur, 24 urteak oraindik bete barik baditu ere, Blow modeloen agentzia internazionalarekin kontratua du Kosik, telebistako hainbat iragarkitan aritu da eta sareetan milioika jarraitzaile dituen Shawn Mendes musikari ospetsuaren bideoklipean agertu da.

ARGAZKIAK: Oier Rey Delika eta Leire Cavia
TESTUA: Jon Gomez Garai

Oraindik ez baduzu ezagutzen, lasai, hemen aurkeztu gura dizulako Binkek zeresana emango duen eta aktore bidean dagoen Gilbert Kosi modelo profesional galdakoztarra. Bere azken lanaz, bere hastapenez… eta bereziki irudiaren esklabo izateaz, edertasunaren kanonez, etiketez eta beste hainbat konturen inguruan aritu zaigu deskubritu berri dugun herrikidea.

Shawn Mendes musikari internazionalaren bideoklip batean deskubritu zintugun. Kontaiguzu! Zelan amaitu zenuen lan hau egiten? Zerutik etorritako opari bat izan zen, egia esan. Egun batetik bestera agertu zen eta apur bategatik gainera galdu egin nuen!

Galdu, zergatik? Arratsalde batean erosketa batzuk egitetik etxera bueltan nengoen, eta nire agentziako mezu bat jaso nuen: «Kaixo Gilbert, Shawn Mendesen bideoklip batean parte hartzeko aukera bat daukat». Nik orduan ez nekien Shawn Mendes nor zen ere! Baina ikusita Instagramen 61 milioi jarraitzaile zituela… ez nuen bi aldiz pentsatu! Ostean konturatu nintzen Mendesen zuzendari-sortzaileak berak mezu bat bidali zidala sareetatik, baina ez nuen ikusi… Eskerrak agentziaren bitartez saiatu ziren, bestela aukera galduko nuke!

Lan honek aterik zabaldu dizu? Egia da lan honegatik agian jende gehiagok nigan erreparatu duela, eta horrekin agian jende gehiagok daki Gilbert Kosi aukera bat izan daitekela. Azkenean, lan askotan bezala, gero eta jende gehiagok zu ezagutu gero eta gehiago izango zaituzte kontutan, eta lan-aukerak ere handitu egingo zaizkizu. Ate batzuk zabaldu ditu eta beste batzuk zabalduko ditu, ziur!

Modelo lanak egiten dituzu bereziki, baina bideoklip honetan parte hartzeak aktore bezala musturrak sartzeko aukera ere eskaini dizu? Aurretik ere egin dut aktore lanik, telebistarako iragarki batean ere aritu nintzelako. Musturra Blow agentziarekin lanean hasi nintzenean sartu nuen.

Publizitaterako aurpegia behintzat baduzu! Zoritxarrez edo zorionez bai, nire profilak gehiago balio du publizitaterako modarako baino. Eta publizitatean ikus-entzunezko bideoak ere egiten direnez, horrek aukera gehiago eskaintzen dit aktore aritzeko. Eta horretan bai, zorionerako esango dut, nire benetako desioa aktore izatea delako!

Argazkia: Oier Rey Delika

Baina zuk ez al zenuen modelo izatea erabaki? Ikasten nenbilela inoiz ez zitzaidan burutik pasa modelo izan nahi nuenik. Behin amak ia modelo izan nahi nuen galdetu zidan, eta berarekin horren inguruko solasaldi bat izan ostean, elkarrizketa batera elkarrekin joan ginen. Elkarrizketa horretan sumatu nuen agian modelo izatea nire lanbidea izan zitekela.

Non sumatu zenuen hori? Elkarrizketa egin zidan pertsonaren begietan, goitik behera nola begiratzen ninduen… ni «erabiltzeko» desiatzen zegoen! (barreka)

Modelo-fitxa batzuetan ikusi dugu zure neurriak oso zehatz batzen dituztela. Hori ona da ala presio gehiegi? Zure gain hartu beharreko ardura bat gehiago da. Ez ona, ez txarra, ordaindu beharreko prezioa da, nolabait esatearren. Ondo pentsatuz gero, zerbait beharrezkoa dela esatera ere ausartuko nintzateke.

Tira, neurriak eta neurriak daude… Bai, baina kotxe bat gidatu gura baduzu, lehenengo gidabaimena erakutsi beharko duzu. Edo lanpostu zehatz batera joan gura baduzu, ikasketa konkretu batzuk erakutsi beharko dituzu lehenago zure kurrikulumean… Ba modelo lanetan, berdin. Inportantea da zure neurriak zeintzuk diren erakustea arropetan sartu ahal izateko. Azken finean, gu izarren osagarri baino ez gara-eta. Eta izarrak, gure kasuan, arropak dira.

Itxura fisikoa oinarrizkoa da zure ogibidean. Zer egiten duzu forman egoteko? Bizimodu nahiko aspergarria baina eraginkorra daukat, kirol asko egiten dut eta janari berde asko jan. Niretzako garrantzitsuena elikadura osasuntsu eta orekatua eramatea da, nahiz eta erraza ez izan —gaur egun oraindik nire borrokatxoak ere baditut nire baitan, beti gustatu izan zaidalako asko jatea, txokolatea eta gazta ere jatea…— banoa pixkanaka ohitura onak hartzen!

Hala ere, itxuraz ari garenean, modelo bat ez da soilik bere gorpuzkeraren itxuragatik baloratuko, ezta? Zuk aurreko galderan ondo esan bezala, itxura fisikoa oinarrizkoa da, baina horrek ez du esan gura garrantzitsuena denik. Are gutxiago bizi garen garaiotan, gaur egun profil askorako merkatua dagoelako. Hala ere, gorpuzkera, janzkera, hortzeria eta orrazkeraren gainetik, badago diferentzia markatzen duen zerbait: «Zer transmititzen duzu kameraren aurrean?». Zure energiak, aurak, karismak, konfiantzak, bizitasunak eta, noski, kamera baten aurrean duzun trebetasunak saltzen du. Eta horrek zure buruarekin eta arimarekin du lotura estuagoa zure gorpuzkerarekin baino.

Zure irudiaren esklabo sentitzen zara? Galdera interesgarria… (pentsakor) Egia da nire irudiari esker bizitzeak horren esklabo izatearen ustea sortu dezakela. Baina nire lanorduak honetara eskaintzen baditut, nik hala erabaki dudalako da. Eta hala erabaki dut askatasun osoz. Beraz, onartu egiten dut nire askatasunetik hartutako erabaki baten ondorio izatea irudiaren esklabo. Ondo azaldu dut? (barreka)

Argazkia: Oier Rey Delika

Goazen pitin bat urrunago… 2018an argitaratu zenuen podcast batean azaldu zenuen «sinestezina dela zein sinpleki ikusten duzun mundua, ez duzula etiketarik ikusten, pertsonak soilik». Mundua horrela ikusten jarraitzen duzu? Ufa! Ondo ikertu duzue gero, eh! (barreka) Mundua sinplea dela ikusten eta sinisten jarraitzen dut, baina emozioez betetako pertsonen mundu batean gaudela jakinda, emozioek sinplea dena konplikatu bilakatu dezakete.

Baina etiketak, ikusten dituzu? Etiketak erabat desagertu dira nire begien aurretik. Pertsonak ikusten jarraitzen dut, baina etiketen ordez rolak agertu zaizkit. Bien arteko diferentzia nire ustez zera da: etiketekin pertsonak epaitu egiten direla, diskriminatu, eta rolekin kontziente zara pertsona bakoitza denaz, ezagutu egiten duzu.

Lehen aipatutako urte berean modelo industrian zailtasunak izatea onartu zenuen, agentziekin, argazkilariekin… Zelakoak izan ziren zure hastapenak modelo izateko bidean? Lehenbiziko urteak nahiko «pasiboak» izan ziren. Ikasten eta futbolean jokatzen nenbilen, eta ez nengoen modelo izateko pentsatzen. Baina behin Bengoetxen batxilergoa amaituta, modelo izateko abenturan nire indarren %100 jartzea erabaki nuen. Eta erabaki horrekin Parisera joan nintzen.

Parisera, «eskuartean ezer» izan gabe? Bai eta ez. Sukaldaria izan gura baduzu, kozinatu; idazlea izan gura baduzu, idatzi… ezta? Hori da behintzat nire pentsamoldea. Bada, sareen bitartez argazkilariei idazten hasi nintzen, argazkiak izateko eta kameren aurrean trebatzen jarraitzeko. Horrela ba, hainbat argazki eskuartean, denak txukun ordenatu eta Parisera joan nintzen. Behin Parisen bileraren bat edo beste izan nuen, baina horren esperoan geratu nintzen…

Eta esperoan-esperoan… Ez zetorren ezer. Horregatik iniziatiba hartu eta atez ate agentzietatik joaten hasi nintzen, aukeren bila. Liburu bat ere idatzi dezaket 10 hilabete horietan gertatu zitzaidanekin, baina bizitako zailtasun zein erronkek nire izaera indartzeko eta modelo munduak nola funtzionatzen duen ikasteko balio izan zidaten.

Argazkia: Leire Cavia

Gaur egun nola ari zara, agentziaren batekin ala zure kabuz? Agentziekin, Bilbon pertsonalki eta profesionalki hazten ikusi nauten SF40 agentziarekin nabil eta Espainiako esklusibotasunarekin Blow Models agentziarekin nabil. Bartzelonakoak dira azken hauek eta nazioartean lan asko egiten dute. Oso pozik nabil hauekin ere!

Agentziekin ibilita agian errazagoa izango da, baina bestela, zelakoa da casting batetik bestera ibili behar izatea? Agentziekin lan egin zein ez egin, castingetatik ez zara libratuko! (barreka) Beharrezko prozesua da hautagaiak aukeratzeko, baina mentalki nekagarria eta desmoralizatzailea da, beti ere ikuspuntu desegokiarekin bazoaz edo modu negatiboan hartzen baduzu. Pazientzia eta artea behar da.

Modelo izatea besteen gustu eta kritikara ikusgai egotea da. Zelan daramazu? Niretzako beti izan da barregarria goitik behera zelan «aztertzen» nauten ikustea. Jendearen aurpegiek, begiradek, keinuek… entretenitu egiten naute eta horrekin jolastu izan dut beti! Txikitatik jarraitu izan naute begiradek, eta askok esaten dute nire azal koloreagatik dela, baina ez dute onartu nahi nire xarma exotikoarekin «engantxatu» egiten ditudana! (barreka)

Zuk hartzen duzun moduan hartzea baino hoberik ez dago, duda barik! Baina jasoko zenuen gutxiespenik… Lehenengo agentzian sartzea lortu aurretik 65 ezezko jaso nituen. Eta 65 diot, ezezko guztiak zenbatuta ditudalako —erantzun ere egin ez zidaten horiek zenbatu barik, noski—. Baina baiezko bakarra nahikoa da zure indar guztiak bertan jartzeko!

Dena dela, edertasunaren kanonen parte izanda, gremio honetan baiezkoak jasotzea errazagoa izango da, ezta? Egia da nire itxura fisikoak aukera asko ematen dizkidana egiten ari naizen paper asko egiteko, baina horrek ez du errazten behin honetan sartuta atzetik dagoen lan guztia. Eta lan guzti hori, atea ireki diezazuten bakarrik, gero egongelara arteko bidea irabazi behar duzulako. Eta egongelara sartzea zure talentu eta abileziarekin bakarrik lortuko duzu.

Ez esan gehiengoarentzat «guapoa» izateak ez duenik lana errazten! Ederra izateak erraztu egingo du besteak arreta jartzea, bai, baina arreta horri ez diozu eutsiko gero ez baduzu berba egiteko etorririk, ez baduzu konfiantzarik sortzen edo ez baduzu karismarik. Ba, modelo lanetan berdin-berdin. Ez dut ukatuko nire irudiak ematen didan pribilegioa, baina ez zaio bizkarrik eman behar ezezko bat baiezko bilakatzen duen gainontzeko guztiari.

Zure azal kolorea, balio erantsi bat ala oztopoa da Euskal Herrian? Nire gorputzarekin lotutako guztia arma bat da, azala barne. Edozein kolorek, formak, ezaugarrik —handi edo txiki izanda ere—… bere balioa du. Baina egia da balio hori zure inguruan desberdin bezala hartzen bada, positiboa ere izan daitekela.

Zein pasarela edo estudiotan ikusi gura duzu zure burua? Hau erraz erantzungo dut: Gucci. Ikaragarri gustatzen zait Gucci!

Eta zein diseinatzailek janztea gustatuko litzaizuke gutxi? Karrera barik utzi gura nauzu ala! (barreka)

Argazkia: Oier Rey Delika