Errefuxiatu turkiarrak: «Galdakaon ondo gizarteratu nahi dugu»
Mustapha eta Oya Ince, errefuxiatu turkiarrak Galdakaon
BINKE / 2019ko azaroa
«Galdakaon ondo gizarteratu nahi dugu»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Mustapha eta Oya Ince familia orain hamar hilabete iritsi zen Galdakaora, Turkiatik ihesi asilo politikoa eskatuta. Bertan bizi gura dute, baina ondo gizarteratzeko herritarrei laguntza eske etorri dira Binkera, bereziki alabak euskara ikas dezan. Euren etxean hartu gaituzte kafearen bueltan.
Galdakaoko Boluntarioen Giza Elkarteak (GBGE) bereziki bertako familia behartsuak edo gizarte-bazterkeria sufritzeko arriskuan daudenak laguntzen egiten du lan. Bertakoei. Hemengoei. Baina, zer da bertakoa ala hemengoa izatea? Zenbat denbora egin behar du munduko herritar batek, gure herrian, herrikidetzat hartzeko? Horrek ez luke arazo izan beharko, eta ez da GBGErentzat. Horregatik, Galdakaora iritsi berri den turkiar errefuxiatu familia bat —bikote bat eta alaba— laguntzen ari da elkartea, eta honen bitartez jarri dira Binkerekin harremanetan, besteak beste, herrian ondo gizarteratu nahi dutela adierazteko.
Errefuxiatuak bazarete, nondik ari zarete ihes egiten? Turkiako gobernuaren politikatik. Erdogan presidenteak ez du bere estatuan desberdin pentsatzen duenik onartzen, eta guk Hizmet mugimenduarekin bat egiten dugunez, Turkian baldin bagaude atxilotu edo erail egingo gaituzte.
Zer da Hizmet mugimendua? Hizmet pentsatzeko modu bat da. Pentsatzeko eta sentitzeko oso modu kritikoa, hezkuntzan eta besteekiko errespetuan oinarrituta dagoena. Baina begira zein kritikoa den gure mugimendua, erlijioa ere —Islama bera!— zalantzan jartzen dugula. Hori ez zaio askorik gustatzen Turkiako presidenteari…
Zelan iritsi zineten Galdakaora? Turkiatik ihesi, eta Hizmetek mundu osoan eskola eta erakunde asko dituenez —YouTuben «¿Qué es el movimiento Hizmet?» izenburuko bideoa ikustea gomendatzen dizuegu, gaztelaniaz dago—, Ugandara joan ginen bizitzera orain hamar urte, han gure mugimenduaren alde lanean jarraitzeko, baina gure herritik kanpo. Hizmet-a desagerrarazteko ordena egin zutenean Turkiatik, mugimendu biolentotzat hartzen dutelako, ezin izan genuen han jarraitu pasaportea iraungi behar zitzaigulako laster, eta beraz Espainiara joatea erabaki genuen. Horrela ba, Madrilen asilo politikoa eskatu genuen eta CEAR-en bitartez —Comisión Española de Ayuda al Refugiado— Galdakaora bideratu gintuzten, hemen horretara bideratutako Udalaren pisu publiko bat libre gelditu zelako.
Utzidazue tartetxo bat egiten: Hizmet mugimendua biolentotzat hartzen dutela esan duzue. Hala da? Ez, inondik inora ere! Are gehiago, Hizmet-ek horren kontra egiten du, bakearen eta pertsonen arteko harremana landuz. Baina kontuan hartu behar dugu Erdogan presidentea Hitler edo Francoren antzekoa dela, eta etsai berriak asmatu behar dituela. Hori errez egin zuen: bere gobernuak atentatuak egin zituen eta Hizmet-i leporatu zizkion, horrela bere biolentzia justifikatu dezake eta bere ideologiaren kontra egiten duen mugimendu bat desagerrarazi.
Bueltatu gaitezen harira. Galdakaon beraz Udalaren pisu publiko batean bizi zarete? Ez, orain ez, ezin dugulako. Legeak dio sei hilabete eman ditzakegula gehienez etxe publiko batean —beste familia batekin bizi ginen Bengoetxen—. Hortik aurrera zure kabuz bilatu eta alokatu behar duzu pisutxo bat, eta gehienez bi urte egon gaitezke diru-laguntzak jasotzen, askok uste dezakenaren kontra.
Diru-laguntza handiak dituzue zuen kabuz bizi ahal izateko? Orain 1.135€ kobratzen ari gara hilero. Eta horrekin gu bion eta alabaren jatorduak, denon arropak, garraioak —100€ hilero—, etxearen alokairua —650€ hilero— eta etxeko fakturak —100€ inguru hilero— ordaindu behar ditugu… Oso justu bizi gara. Baina zoriontsu!
Eta hemen bizitzen jarraitzeko asmorik bai? Bai, duda barik. Hamar hilabete baino ez daramatzagu Galdakaon, eta dagoeneko konturatu gara hemen oso gustura bizi ahal izango garela. Horregatik Galdakaon ondo gizarteratu nahi dugu.
Zer egin dezakegu zuek laguntzeko? Ekonomikoki gure kontu biziraungo gara, denda txikitxo bat zabaldu gura dugu eta hortik bizi. Baina herritarren laguntza eskertuko genuke zuen hizkuntzak ondo ikasi ahal izateko. Ikusten duzun moduan zurekin ingelesez eta pixkatxo bat gaztelaniaz ari gara, baina gaztelania hobeto ikasi gura dugu. Eta gero euskara ere!
Hala ere, alaba ez al doa eskolara? Bai, Sarek 13 urte ditu eta Bengoetxe institutuan dabil ikasten. Lehen bazuen, ohiko irakasgaietatik kanpo, euskara ikasteko errefortzua… baina orain kendu egin diote. Gutxienez hiru pertsona egon behar dira errefortzua eskatzen dutenak Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso ahal izateko, eta orain gure alaba bakarrik dagoenez, errefortzu hori kendu egin diote.
Alabarentzako euskara irakasle boluntario bat eskertuko zenukete, beraz? Hori zoragarria izango litzateke, oso «galduta» dagoelako alaba. Ez du askorik ulertzen, bere mailakoek berezko hizkuntza dute euskara eta beste erritmo batean ari dira ikasten… eta hizkuntza barik oso zaila da dena, besteekin harremana, irakasgaiak gainditzea, zure inguruko errealitatea ulertzea… Ia aukerarik dugun zuekin ederki moldatzeko hemen, Galdakaon! •