Osakidetzak HU-CI Proiektuaren maila bikainaren ziurtagiria lortu du Basurtuko eta Usansoloko ospitaleetako ostomien kontsultetan. H-Ostomías sariak osasun-eredu bat bermatzen du, zeinetan pazientea da zainketa-ekosistemaren ardatza.
HU-CI Proiektuak —zainketak humanizatuz, gaztelaniaz— H-Ostomías maila bikainaren ziurtagiria eskaini die Basurtuko eta Usansoloko ospitaleetako ostomien kontsultei.
Sariak horrek osasun eredu bat bermatzen du, non pazientea da zainketa-ekosistemaren ardatza. Gainera, sistema horrek «alderdi biologikoa gainditzen du, dimentsio emozionala eta soziala ere aintzat hartzeko», Osakidetzaren hitzetan.
Aurretik, Gurutzetako Ospitalearen estomaterapia-unitatea nazioarteko ziurtagiri hori lortzen zuen Euskadiko lehen unitatea izan zen, eta Espainiar Estatuko bigarrena. Orain, Basurtu eta Usansolo ere zentro bikainen zerrendan sartu direnez, «Osakidetza pertsona ostomizatuen arretaren erreferente bilakatu da».
Usansoloko ospitaleak pazientearen autonomiarako «inpaktu handiko» neurriak hartu ditu azkenaldian, besteak beste, hiru bainugela espezifiko sortzea pertsona ostomizatuentzat.
«Bertako ikuspegian aipagarriak izan dira estigmaren aurkako borrokaren eta errealitate hori ikusaraztearen alde egindakoak, adibidez, argazki-erakusketa eta humanizazio-jardunaldiak, zeinetan pazienteak protagonista izan dira», azaldu dute Osakidetzatik.
«Gure egitekoa da, hain zuzen, irakastea, laguntzea eta ondoan egotea prozesu osoan zehar. Ez gara soilik sendatzeaz arduratzen, baizik eta atzean dagoen pertsonaz, bere beldurrez eta bere egokitze-prozesuaz ere“, adierazi dute arloko zenbait erizain adituk. Azken helburua da «pazienteak bere bizitza soziala, lanekoa eta sexuala autonomia osoz berreskuratzea».
Euskadin, 3.200 ostomizatu inguru
Pertsona ostomizatuei ebakuntza kirurgiko bat egin diete, abdomeneko paretan irekidura artifizial bat egiteko, minbizia izan dutelako, hesteetako hanturazko gaixotasunak izan dituztelako edo buxadurak izan dituztelako, nahiz eta beste gaixotasun batzuen ondorio ere izan daitekeen. Irekidura horri esker, gorozkiak edo gernua irten daitezke, aldi baterako zein behin betiko, kanporatze naturala eragozten duten gaixotasun, lesio edo malformazioak daudenean.
Euskadin 3.200 pertsona inguru daude ostomizatuta, eta Osakidetzak arreta espezializatua eskaintzen die, erizain estomaterapeuten eta hezkuntza-baliabideen bidez.




