Adiskide Pilota Elkarteak gaur hasiko ditu 50. urteurrena ospatzeko ekintzak

Aurten 50. urteurrena bete du Adiskide Pilota Elkarte galdakoztarrak eta hau ospatzeko hainbat ekintza antolatuko ditu. Besteak beste, gaur arratsaldean hasiko den txapelketa berezia eskainiko du.

Lagun talde baten eskutik sortu zen Adiskide Pilota Elkartea Galdakaon, 1975eko amaieran. Jose Mari Ealo buru zela, bost kidek osatu zuten hasierako taldea eta Kurtzen aritzen ziren.

Aurten, beraz, 50 urte bete dira elkartearen sorreratik eta hau ospatzeko hainbat ekintza antolatu ditu Adiskidek. Besteak beste, txapelketa berezi bat eskainiko du Kurtzeako frontoian.

Zehazki, emakumezkoen eta gizonezkoen Elite mailako finalerdien eta finalaren egoitza izango da Galdakaoko pilotalekua. Kanporaketak gaur, urriak 24, eta hilaren 31n jokatuko dira, eta finala azaroaren 7an izango da. Partida guztiak 19:00etan izango dira eta sarrera doakoa da.

Hauek dira partiden datak eta norgehiagokak:

Urriak 24, barikua
Emakumezkoak
Zabaleta–Capellan
Etxegarai–Erasun

Gizonezkoak
Etxebarria II–Garmendia
Victor–Arbizu

Urriak 31, barikua
Emakumezkoak
Arrizabalaga–Mendizabal
Aldai–Gaminde

Gizonezkoak
Prado–Azpiroz
Carregal–Merino II

Bestalde, azaroaren 9rako Adiskidek jaialdi berezia prestatu du. Belaunaldi desberdinetako pilotarien arteko partidak izango dira, eta ekitaldia bazkari herrikoi handi batekin amaituko da. Bazkarian parte hartzeko izena eman behar da aurrez, frontoira gerturatuz edo adiskidepelota@gmail.com helbide elektronikora idatziz.

Azkenik, argazki erakusketa antolatu du Adiskidek Torrezabalen, azken 50 urteetako une garrantzitsuenekin. Urriaren 27tik azaroaren 7ra bitarte egongo da ikusgai astelehen, martitzen, eguen eta barikuetan, 17:30-20:30 ordutegian.