
Aiarako aranera bisita, gimnasia ikastaroa, mendi ibilaldia eta antzezlana, Galdakaoko adinekoentzat
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Kulturklik
Galdakaoko Udalak herriko adinekoentzat zuzendutako lau ekintza antolatu ditu ekainerako. Zehazki, Aiarako aranera bisita, mendi ibilaldia, gimnasia kalean eta antzezlan musikala eskainiko ditu.
Zahartze aktibo eta osasungarriago bat sustatzeko helburuz, herriko adinekoei zuzendutako ekintzak antolatzen ditu Galdakaoko Udalak urtean zehar. Hilabete honetarako zehazki bost ekintza prestatu ditu, eta hemen batu ditugu hauen data eta xehetasunak:
- Ekainak 12, eguena: Mendi ibilaldia Arabako Uribarri Gaubea-Corro kobetara. Gehienez 54 lagunek izango dute ibilbidea egiteko aukera eta izen-ematea zabalik dago.
- Ekainaren 15etik uztailaren 24ra: Gimnasia kalean, Ardanza plazan eta Romualda Zuloaga plazan. Astelehen eta eguaztenetan lehenengoan, eta martitzen eta eguenetan bigarrenean. Ordutegia berbera izango da bietan, 10:00etatik 11:00etara. Izena ekainaren 6tik aurrera eman ahal izango da.
- Ekainak 17, martitzena: Aiarako aranera bisita. Izen-ematea hilaren 9an hasiko da eta prezioa 20 eurokoa da kide bakoitzeko.
- Ekainak 20, barikua: ‘Backstage’ antzezlan musikala, Cuarteto Lirico Argenta taldearen eskutik. Hitzordua Gandasegi eskolan izango da 19:30ean eta izena eman daiteke honezkero.
Horiez gain, adineko pertsonen beharrei erantzuten die zerbitzuak. Aisialdirako jarduerak proposatzen ditu, IMSERSOko bidaien inguruko informazioa eta jubilatu eta pentsiodunentzako informazioa eskaintzen du eta orotariko kontsultak eta aholkularitza ematen ditu.
Proposatutako jarduera guztietan, izena emateko lehen egunean, arreta ordutegia 08:00etatik 13:30era izango da; gainerako egunetan, Adinekoen Dinamizatzeko Zerbitzuaren bulego ordutegia 10:00etatik 13:30era izango da astelehenetik barikura, eta eguenetan16:00etatik 18:00etara. Pertsona bakoitzeko gehienez bi inskripzio onartuko dira jarduera guztietan.