
Animaliak edukitzeko eta babesteko ordenantza eguneratuko du Galdakaok
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakakaoko udalbatzak martxoaren 27an egin zuen azken osoko bilkura eta honetan hainbat gai eztabaidatu zituzten alderdiek. Besteak beste, animaliak edukitzeko eta babesteko ordenantza eguneratzea adostu zuten, PSE-EEk aurkeztutako mozio baten bitartez.
Galdakaoko udaletxeko pleno aretoak martxoko udal osoko bilkura hartu zuen martxoaren 27an. Saioan hainbat gai eztabaidatu zituzten alderdiek eta AROA plan estrategiko berria onartu zuten aho batez, BINKEk jaso zuen moduan.
Halaber, animaliak edukitzea eta babestea arautzeari buruzko mozioa aho batez onartu zuten, talde guztien ekarpenarekin. PSE-EEk aurkeztu zuen mozioa eta bertan animalien inguruko ordenantza egungo egoerara egokitzeko beharra jaso zen, «animalien babesa, abandonu eza eta herritarrekiko elkarbizitza oinarritzat hartuta».
Victor Trimiño bozeramaile sozialistak azaldu zuenez, proposamenak eskatzen du, halaber, aurten eta datorren urtean, sentsibilizazio-kanpainak egin daitezela herritarrentzat gai hauen inguruan: animalien babesa eta ongizateari buruz, abandonua eta tratu txarren gaitzespena, eta auzokide eta maskoten bizikidetzari buruzkoak.
«Azken urteotan, animaliak babesteari eta errespetatzeari buruzko sentsibilitatea handitzearekin eta maskota-kopuruaren igoerarekin batera, esparru juridikoa eta legala nabarmen aldatu da esparru honi dagokionez, hala nola: Euskadiko ekainaren 30eko 9/2022 Legea, etxeko animaliak babesteari buruzkoa, eta Estatuko martxoaren 23ko 7/2023 Legea, animalien eskubideak eta ongizatea babesteari buruzkoa», nabarmendu zuen Trimiñok.
Era berean, adierazi zuen esparru juridiko berri horrek animalien babesean, haien ongizatean, herritarrekiko bizikidetzan eta abandonu- edo tratu txar-egoeren gaitzespenean eragin nahi duela, «eta eragin nabarmena du udal-eskumenean, adibidez, animalien babesari, bilketari eta arretari, konpainiako animaliekin garraio edo espazio publikoetara sartzeari, felduen koloniei edo ikuskatze-eginkizunari dagokienez».