Antton Irusta: «Usansoloren desanexioak ez leuke Galdakaogaz apurketa ekarri beharko»
Antton Irusta Zamalloa, idazlea
BINKE / 2016ko maiatza
«Usansoloren desanexioak ez leuke Galdakaogaz apurketa ekarri beharko»
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz
Usansolon eta herriko mugetatik kanpo ere, nork ez du hilabeteko protagonista ezagutzen? Saltsa guztietako perrexila dela esatea ez litzateke astakeria izango eta berak ere onartzen du hainbat proiektutan murgilduta egotea gustuko duela. Gehienek, halere, bereziki haur eta gaztetxoentzako argitaratu dituen liburuengatik ezagutuko dute. Baina Binkerekin beste hainbat esparru izan ditu berbagai.
Txapelena baserriaren aurrez aurre itxaron gaitu Antton Irusta (Usansolo, 1963) idazleak, bera jaio zen aspaldiko Txiki Tabernaren baserritik metro gutxira. Harro dio bere garaian euskalgintza eta abertzaletasunaren ikur izan zela bere familiaren baserria. Bertan jaio omen ziren Usansoloko mugimendu herrikoi asko, eta bera ere bada beste usansolotar askorekin batera, mugimendu askoren parte. Irakasle, idazle eta ipuin kontalari ogibidez, 19 urtetan 35 liburu baino gehiago argitaratu ditu Irustak.
Binkeren apirileko zenbakiak Umore Ona futbol klubaren etorkizuna kolokan zegoela adierazi bazuen ere, dagoeneko badu erreleboa taldeak. Zelan ez, batzorde berri horretan ere bada Antton Irusta. Umore Onaren egoeraz, gure hezkuntzan eta hizkuntzan ikusten duen hutsuneaz eta Usansoloren desanexioaz aritu zaigu Irusta Zamalloa familiako semea.
Saltsa nahikoetan sartuta ez bazegoen, oraintsu beste saltsa batean sartu da Antton Irusta… Gure herriko askoren nahia izan da kirol jardueratan be euskara nagusi izatea. Galdakaoko Udaleko euskara saileko langileakaz batera egin dan apustua ezin zan bere horretan gelditu. Horregatik, Umore Onak Usansolori eskaintzen deutsana kontuan hartuta, hari hori eteteak ekarriko ebanagaitik, seme biak bertan daukadazalako eta ni neu be Umore Onako jokalari izan nintzalako sartu naz Zuzendaritza Batzordean.
Umore Onaren egoerara iritsi izateko, herritarren konpromiso faltagatik izan da? Aurreko urteetan egon dan juntak lan izugarria egin dau taldearen maila desberdinetan, eta kluba familia handi bat bihurtzea lortu dau, futbol arloan nortasun propio handia izatera iritsita eta, zelan ez, emaitza onak lortuz. Herriari bizitasun handia emon deutso Umore Onak, baina noski, guzti horrek lan handia dakar atzetik. Horri gainera gehitzen badeutsazu jendeak ezer ez egin baina edozer eta edozelan kritikatzeko daukan gaitasuna… Gurasook uste dogu geure seme-alabak dirala munduko onenak, eta ez dogu kontuan hartzen herriko klubetara doazela olgetan ibiltzeko, baina olgetan ibili ahal izateko atzetik lan handia dagoala.
Zeintzuk erronkei egin beharko diozue aurre Zuzendaritza Batzordean zaudetenok? Tira, hori juntak berak erabakiko dau, baina belaunaldi barriak sartu dira taldearen gidaritzan eta gaztetasun horrek bultzada ederra emongo deutso klubari. Eta zer esanik ez, oihartzun handiagoa emongo deutsie gazteek egiten daben lanari, egungo sare sozialetan ederto moldatzen dira-eta. Baina Zuzendaritza Batzorde barria aitatuta, bai eskatuko neuskio usansolotar orori lan egin gura dauanari lan egiten ixteko. Ohitura handia dagoalako gizartean kritikatzera ezer barria proposatu barik. Eta bizitzan konpromiso gehiago hartu behar dirala uste dot, hainbeste kritikatzen ibili barik.
Konpromisoa eta erronka aipatu dituzula, zuk aspalditik duzu bai bata zein bestea, ezta? Nire bizitzako konpromisoa aspalditik neure ogibideari dago lotuta. Irakaslea naz berez eta hezkuntzak zein hizkuntzak ardura handia sortzen deustie. Hezkuntzan nabilela ikusten dot gaurko gazte gehienek ez daukiela gure hizkuntzarekiko konpromisorik. Ez dira kontziente eurak izango dirala euskerea galtzea saihestuko dabenak. Lehengo gazteek adin konkretu batean ihes egiten eben euskaratik baina heldutasunagaz batera bueltatzen ziran hizkuntzara. Gaur egun ez da bardina gertatzen komunikazioaren munduan, beste interes gune batzuk daukiez gazteek eta ez dira kontziente hizkuntza bat daukienaz. Transmisioa indartzean dago neure erronka, beldur nazalako ez ete dan gure hizkuntzaren ondarea galduko.
Eta hizkuntza herriarekin lotuta, zelan ikusten duzu Usansoloren egoera soziolinguistikoa? Bertan badogu eskola Lehen Hezkuntzako seigarren mailara arte, eta ordurarteko datuak onak dira. Arazoa adin horretatik gora eta eskolatik kanpora dator. Zer esanik ez 40-50 urte inguruko adinetan, tarte horretan ez da ia euskerarik egiten. Baina egia da guraso gazte euskaldun asko dagoala Usansolon, gazte askok be egiten dauala… eta batez be, asko laguntzen dau Usansolok daukan bizitasunak. Ia ez dago astebururik non ez dagoan herrian kirol edo kultur ekintzarik. Gehienak euskaraz egiten dira eta horrek egoera soziolinguistikoa hobetzen dau.
Gero eta gutxiago irakurtzen omen dugu, zer egingo zenuke joera hori gelditzeko? Hamar urtera arte eskolan irakurtzen da dezente, baina egia da hortik aurrera ez dala askorik egiten. Hori bereziki etxean irakurtzen ez dalako gertatzen da eta beraz, ohitura hori etxeko txikerrek ez dabe jasotzen. Gurasook eredu izan behar dogu geure seme-alabentzat eta irakurketa gehiago sustatu. Halanda be, hezkuntzan hutsune handi bat somatzen dot horri jagokonez: gero eta tematuago gagoz teknologietan oinarritutako formula barriak asmatzen, baina ez dogu irakurtzeko tarterik hartzen. Horrek, besteak beste, geure ahozkotasuna albo batera itxi dau eta gure hezkuntza tradizioan hutsune handi bat sortu.
Baina ezin duzu ukatu egungo baliabide berriek hezkuntzan ere izango dutela eraginik… Duda barik. Eta horretara noa hain zuzen be. Gure hezkuntza sistema XIX. mendekoa da, irakasleak XX. mendekoak eta gure ikasleak XXI. mendekoak dira. Horregatik dinot hezkuntza sistema aldatu bai, baina teknologia barriak gure kulturaren mesederako erabili behar doguzala. Horrek ez dau esan gura egun guztia pantailara begira egon behar dogunik. Ez pantailara, ezta paperera be ez, ikasleak paper gutxiago eta mihina gehiago erabili behar daualako. Joera hori aldatzea irakasleon esku ere badago.
Beste joera bati eutsiko diogu orain: zelan ikusten duzu Usansolo Galdakaotik banatzeko herritarrek duten gogoa? Handituz ala txikituz doa? Ez nago saltsa horretan sartuta, baina usansolotarra izan naz betidanik, eta aituten dot gure nortasuna eta kultura indartzeko banatzeko beharra. Baina horrek ez leuke ekarri beharko ingurukoekaz dagozan loturak desagertu beharrik. Are gehiago, Usansoloren desanexioak ez leuke Galdakaogaz daukagun harremanaren apurketa ekarri beharko. Herri izatea lortuko badogu, inoiz baino gehiago, ingurukoen beharra be izango dogu; horrek dakar herri-aberastasuna, eta ezin izango gara isolaturik bizi. Hori bai, egia da bereziki gazteen artean batasun handia dagoala Usansolo herri izateko lanean. Eta beraz, nahiko argi esan leike Usansolo Galdakaotik banatzeko dagoan gogoa handituz doala azken urteotan.
Zure iritziz, desanexioa gauzatu ahal izateko zer da Usansolok eta Galdakaok egin behar dutena? Usansolo ofizialki herria izango bada, ondorio guztietarako izango da, eta horrek azpiegiturak sendotzearen beharra ekarriko dau: bai ekonomikoak, zein kulturalak. Eta azpiegitura kulturalak sendotzeak inguruko herriekaz daukaguzan loturak mantendu eta indartzea izan beharko dabe Usansoloren betebeharrak, besteak beste. Guzti horrek be, kanpora begira nortasun handiagoa emongo deutso herriari. Galdakaok barriz, egoera naturalizatu beharko leukela uste dot. Ez litzake Usansolo eta Galdakaoren artekoa txarrera hartu beharko. Normaltasunez eta patxadan. Baina daborduko uste dot bai udalean zein herri mailan be askok badaukiela gure herri izaera barneratuta. Galdakoztarrek ez dot uste gure usansolotar nortasuna zalantzan jartzen dabenik eta udalak, herri honek hala erabakitzen badau, bidea eta erraztasunak emon beharko leukez Usansolok askatasunez gura dauana izan ahal izateko.