
Aperribaiko laugarren igogailua eraikitzeko lanak hasi dira
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Aperribaiko bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko helburuz, hasi dira auzo honetako laugarren igogailua eraikitzeko lanak. Urte amaierarako erabilgarri egotea aurreikusi du Galdakaoko Udalak.
Desnibel handiko auzoa da Aperribai eta adineko pertsona asko bizi dira bertan. Horregatik, hauen bizi-kalitatea hobetzeko helburuz, igogailuak eraikitzen ari da Galdakaoko Udala.
Laugarren igogailua eraikitzeko lanak hasi dira honezkero urte amaierarako erabilgarri egotea aurreikusi du Udalak. «Udalak Aperribai auzoan irisgarritasuna errazteko konpromisoa hartu zuen eta pausoak ematen ari gara bide horretan», adierazi du Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak.
Egiraunek azaldu duenez, laugarren igogailua Aperribai kaleko 9. zenbakiaren altueratik 25. zenbakira arte joango da, eta eskolaren mailan geldialdia egingo du, 24. zenbakiaren parean.