ARGAZKIAK | Sormeneren bigarren egunean dantza eta amatasuna protagonista
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Peio Zamalloa
Atzoko goizean Oier Araolaza dantzari eta antropologoak dantzan jarri zituen Gandasegi ikastetxeko gaztetxoak, eta arratsaldean berriz Oihana Iguaran bertsolariak eta Amaiur Luluaga dantzariak amatasunaz hausnartzen aritu ziren kantuaren eta dantzaren bitartez. Gaur berriz, Amour ikuskizuna 17:30ean eta Neomak taldearen kontzertua 22:00etan izango dira Torrezabalen.
Bigarren eguna zuen atzo Sormeneren udazkeneko txandak, eta aurtengo lan ildo nagusiak «amatasuna, sorkuntza eta euskara» izanik, lema horri ekin zioten atzo goiz zein arratsaldez. Goizez Oier Araolaza dantzari eta antropologoarekin sorkuntza izan zuten protagonista, dantzaren bitartez, Gandasegiko dozenaka ikaslek. Arratsaldeko saioan berriz, AMAraun ikuskizunarekin bertsoaren eta dantzaren bidez amatasuna izan zuten mintzagai Oihana Iguaran bertsolariak eta Amaiur Luluaga dantzariak.
Goizeko txandak, aste barruan, ikasleentzako eskaini ohi ditu Sormenek. Atzoko goizean Oier Araolaza elgoibartarrak Gandasegi ikastetxeko areto nagusia bisitatu zuen, ikasleekin dantzaren inguruan aritu eta gazteak dantzan jartzeko.
Arratsaldean berriz, Oihana Iguaran bertsolariak eta Amaiur Luluaga dantzariak amatasunaren inguruko hausnarketa bat kontatzeko musika, kantua eta dantza AMAraun izeneko ikuskizun eder batean uztartu zituzten. Ikuskizun xumea atrezzoari dagokionez, baina edukiz betea kantuari eta dantzaren adierazkortasunari dagokionez.
Gaur saio bikoitza eskainiko du Sormenek:
- 17:30 Amour. Familia osoarentzako ikuskizuna, Marie de Jongh konpainiarena.
- 22:00 Neomak. Zazpi kantari eta panderojole emakumeen kontzertua.
Binkek ohi duen legez, Sormeneren ikuskizun guztiak jarraitzen ditu, eta atzoko saio biak horren lekuko izan ziren. Ikusi, ikusi!