Argazkigintza herritarrei hurbiltzeko ikastaroak eskainiko ditu Click eta Clickek

Irudiak: Irati Alonso García.

Click eta Click elkarte galdakoztarrak argazkigintza herritarrei hurbiltzeko ikastaroak eskainiko ditu. Helduei eta haurrei zuzendutako saioak izango dira, eta izen-ematea zabalik dago.

Argazkigintza Txokoa espazioa estreinatu zuen Galdakaok pasa den maiatzean. Argazkigintza sustatzeko udal gunea da eta herritar talde batek egindako proposamen bat kontuan hartuz abiatu zen proiektua.

Gune honetan, Zamakoa kaleko 21. zenbakian kokatuta dagoena, Click eta Click Galdakaoko Argazkilaritza Elkarteak orain arte Torrezabal Kultur Etxean egiten zuen jarduera garatuko du, esaterako.

Hain zuzen, Click eta Clickek erabiliko du espazio hau hurrengo hilabeteetan, herritarrei argazkigintza hurbilduko dizkieten ikastaroak eskaintzeko.

Gaur goizean egindako agerraldian Santi Amillano elkarteko presidenteak azaldu duenez, astelehenean hasiko dira tailerrak, helduentzako saioekin. Unai Moran kideak eskainiko ditu eta mobilarekin argazkiak egiten irakatsiko die parte-hartzaileei.

«Argazkigintzaren oinarriak, eskuzko kudeaketa eta konposizioa landuko ditugu saioetan, besteak beste, eta proiektu batekin amaituko dugu: argazki berriak egin, zaharrekin konparatzeko», azaldu du Moranek.

Bestalde, zapatu arratsaldeetan umeei zuzendutako tailerrak emango ditu elkarteak. «Modu ludikoan hurbilduko diegu txikienei argazkigintza, jolasten», adierazi du Amillanok.

Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago eta Argazkigintzaren Txokoan —Zamakoa kalea, 21— eguazten eta eguenetan 17:00-19:00 ordutegian edo clicketaclick@gmail.com helbidera idatziz egin daiteke.

Ikastaroez gain, herriaren bizitzari buruzko argazkiak eskaneatzeko aukera eskainiko du Click eta Clickek: «2000 urtetik beherako argazkiak hartuko ditugu, Galdakaorekin zerikusia dutenak».

«Argazkigintza diziplina garrantzitsua da herrian gertatzen diren gauzen lekukotza emateko, eta baita gure ohiturak eta tradizioak berreskuratzeko prozesuan. Beraz, asko eskertu behar dugu Click eta Clickek egiten duen lana», nabarmendu du Edurne Espilla Kultura zinegotziak.

Hemen Nieves Uriarte Click eta Clickeko kidearen hitzak, elkarteak hurrengo hilabeteetan eskainiko dituen ikastaroen inguruan:

situs togel

situs toto