Asier Carrasco: «Huts ez egiteko presioari aurre egitea izan da gogorrena»
Asier Carrasco, gimnasta
BINKE / 2024ko uztaila
Avilesen antolatutako Espainiako Gimnasia Erritmikoko Txapelketan brontzezko domina lortu zuen Asier Carrasco usansolotarrak, sailkapen orokorrean. Junior kategorian lehiatu zuen eta honetan ere onena izan zen zinta eta uztaiarekin eta txapeldunorde mazekin. Esperientziaren inguruan gehiago ezagutzeko asmoz, gaztearekin hitz egin du BINKEk.
Ekainaren 23tik 25era Espainiako Gimnasia Erritmikoko Txapelketa antolatu zen Avilesen eta honetan parte hartu zuen Asier Carrasco usansolotarrak, junior kategorian. Usansolotarrak brontzezko domina lortu zuen sailkapen orokorrean. Halaber, onena izan zen zinta eta uztaiarekin eta mazekin aldiz, txapeldunorde izan zen. Gaztearentzat, presioari aurre egitea izan zen txapelketaren gogorrena, «nire kide guztiak oso onak zirelako».
Zer izan da zuretzat Espainiako txapelketan brontzezko domina lortzea? Niretzat, nik, nire familiak, entrenatzaileek eta inguruan dudan jende guztiak egiten dudan ahalegin guztiaren ordaina da. Oso urte gogorra izan da, entrenamendu ordu askorekin, eta ahalegin horrek guztiak merezi izan duela ikusteak oso zoriontsu egiten nau.
Estatu mailan domina bat irabazten duzun lehen aldia da? Ez, ez da lehen aldia. 2022an zilarrezko domina irabazi nuen Espainiako Uztai Txapelketako finalean. 2023an brontzezko domina irabazi nuen Espainiako Kopan Euskadi ordezkatuz nire taldekide Eneko Lambearekin, eta beste bat Espainiako Mazen Txapelketako finalean. Aurten, estatu mailako dominez gain, Enekok eta biok zilarrezko domina irabazi genuen Euskadirentzat Espainiako Kopan.
Espektatiba altuekin joan zinen Espainiako txapelketara? Egia esan, ez. Nik ez nuen uste lau domina irabaziko nituenik. Junior mailako nire lehen urtea izanik, eta 22 partaideetatik txikiena, nire helburua tapizean gozatzea zen, dena eman izanaren sentsazioarekin amaitzea, neure buruaz harro egotea, eta gero, zortea izanez gero, finalen baterako sailkatzea. Ez nuen uste hiru finaletan sailkatu eta urrezko domina bi eta zilarrezko bat eramango nituenik.
Zer izan zen txapelketako gogorrena? Txapelketako gauzarik gogorrena sailkatu nahi banuen huts ez egiteko presioari aurre egitea izatea izan zen niretzat. Aparatuak pasatzen ari ziren eta nik goian ikusten nuen neure burua, eta akatsik txikienean kanpoan egongo nintzen, nire kide guztiak oso onak direlako. Azken aparatua amaitzean, askatu eta tapizetik atera nintzen, dena eman nuela eta gozatu egin nuela jakinda.
Hilabete askotako lana duzu jokoan minutu gutxitan. Zein da gakoa urduritasuna eta presioa gainditzeko? Ez dut trikimailurik, oso zaila baita urduri ez jartzea. Entrenatzaileen aholkuak entzuten ditut irten aurretik, entrenatzaileek asko lasaitzen nautelako. Horraino iristeko zenbat lan egin dudan pentsatzen dut, eta behin tapizean nagoenean kontzentratu egiten naiz eta urduritasuna joan egiten da, ez dagoelako atzera bueltarik. Baina badut ohitura moduko bat nire entrenatzaileetako batekin: tapizera irten aurretik beti agintzen diot ez naizela urduri jarriko eta gozatu egingo dudala, eta horrek pixka bat baretzen nau.
Nola hasi zinen gimnasia erritmikoan? Kirol honetan hasi nintzen txikitan eskolako patioan nire gelako lagun bat itzulipurdiak egiten ikusi nuelako eta nik ere hori egin nahi nuelako. Erritmikoa zela esan zidan eta probatu nahi izan nuen. Amak eskolaz kanpoko ekintza bat bezala apuntatu ninduen berarekin Unkinan, baina ikasturtea amaitu zenean, benetako klub batera joan behar nuela esan zidaten, ondo aritzen nintzelako.
Zein aparaturekin sentitzen zara erosoen? Muntaketaren mende dago gehien. Denboraldi honen hasieran oso eroso sentitu naiz mazekin, baina zintari maitasun handia hartu diot azkenenaldian.
Emaitza on horien ondoren, zein da zure helburua datorren urteari begira? Lehiaketa bakoitzaz asko gozatzea eta denboraldi bakoitzaz gero eta gehiago disfrutatzea. Animatu nahi ditut gimnasia erritmikoa egitera ausartzen ez diren haur horiek guztiak, eta agintzen dutenei, gauzak aldatzeko eskatu nahi diet, olinpiadetara joan ahal izateko, mutilei ez baitigute uzten. Borrokan jarraitzera ‘Ausartak’! •