
Auzo Taxia jarriko da martxan Galdakaon, egoera zaurgarrian dauden pertsonen mugikortasuna errazteko
TESTUA ETA IRUDIAK: Irati Alonso García
Auzoetan bizi diren eta egoera zaurgarrian dauden pertsonen mugikortasuna errazteko helburuz, Auzo Taxi proiektua jarriko du martxan Galdakaoko Udalak. Honen bitartez, taxiz mugitzeko dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte herriko hogei eremutan bizi diren 65 urtetik gorako pertsonek, desgaitasun bat dutenek eta mugikortasun arazoak dituztenek.
Pertsona nagusiei eta behar bereziak dituztenei erdigunera hurbiltzeko erraztasunak eskaini nahi dizkie Galdakaoko Udalak eta helburu honekin jarraituz, Auzo Taxi proiektua martxan jarriko duela iragarri dute gaur alkate lanetan dabilen Edurne Espillak eta Toño Gonzalez Garraio zinegotziak.
Espillak azaldu duenez, ekimenaren helburu nagusia egoera zaurgarrian dauden pertsonen mugikortasuna erraztea da: «Hainbat onura eskainiko ditu proiektuak, besteak beste, pertsona hauen autonomia handitzea eta bizitza aktiboagoa ahalbidetzea, inklusio soziala sustatzea eta zaintzaileen bizitza ere hobetzea». «Pertsona hauek osasun zentroetara, herriko merkataritzara, ostalaritzara eta kultura eskaintzara hurbiltzea da asmoa».
Gonzalezek azaldu duenez, Agirre, Aperribai, Artola, Altamira, Azkarri, Aizpuru, Bekea, Elexalde, Erletxe, Goikoetxe, Gumuzio, Jugo, La Troka, Kortederra, Olabarri, Olabarrieta, Padrola, Txistulanda, Upo Mendi eta Usargoiti auzoetan erroldatuta dauen pertsonek erabili izan ahalko dute zerbitzua, betiere kolektibo hauetako batekoak badira: 65 urtetik gorakoak, 33% edo gehiagoko desgaitasuna dutenak, edo mugikortasun iraunkorrak dituztenak.
Bi baldintza hauek betetzen dituztenek dirulaguntza eskatu ahal izango dute taxiz mugitzeko, eta funtzionamendua honakoa izango da: 20 euro ordaindu beharko dute eta trukean 10 bidaiko bonua emango zaie. Bidaia bakoitzak hortaz, 2 euroko prezioa izango du dirulaguntza jasotzen dutenentzat.
Proiektua Galdakaoko eta Usansoloko taxistekin elkarlanean jarriko du martxan Udalak eta haiekin adostutakoaren arabera, taxiak aurreko egunaren 19:00ak baino lehen eskatu beharko dira, ordu eta leku konkretu batean. «Momentuan eskatzeko aukera ere izango da, baina kasu honetan eskuragarri dauden taxiak erabili ahal izango dira soilik», azaldu du Gonzalezek.
Pertsona bakoitzak bonu bakarra jaso ahal izango du hilean —urte amaierara arte erabili ahal izango dira 10 bidaiak— eta dirulaguntza honetarako bideratuko diren 25.000 euroak amaitu arte gozatu ahal izango da.
Dirulaguntza hauen oinarri guzti hauek bihar izango den otsaileko udal osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte eta Udalak proiektua maiatzean martxan jartzea aurreikusi du. Dirulaguntza eskatzeko epea zabaltzen denean, honen berri emango dute.