Hurrengo astean hasiko dituzte bilerak Auzotik Galdakaoko herriko landa eremuetako taldeak eta Bengoetxe eta Zuhatzu inguruak hartzen dituenak. Helburua herritarrekin batera auzo hauetarako hobekuntzak zehaztea da.
Galdakaoko Udalak duela urtebete zabaldu zuen herri osora herritarrekin batera auzoak hobetzeko helburua duen Auzotik Galdakao proiektua.
Aldi horretan 3, 4, 5 eta 6 eremuetako lurralde kontseiluak osatu dira eta hainbat lanketa egin dituzte herritarrek tailerretan edo ibilbide gidatuetan sortutako proposamenetan sakontzeko.
«Talde horiek proiektuaren pieza garrantzitsu bihurtu dira, eremu bakoitzeko errealitateak eta behar zehatzak hobeto ezagutzea ahalbidetzen dutelako, irtenbide eraginkorragoak eta adostuak diseinatzea erraztuz», adierazi dute Udaletik.
Testuinguru horretan, udako oporren etenaren ondoren, 3 eta 4 eremuetako —herriko landa eremuak eta Bengoetxe eta Zuhatzu, hurrenez hurren— kontseiluek beren jarduera berrabiaraziko dute hurrengo astean egingo dituzten lan bileretan. Bertan, orain arte lortutakoa aztertuko dute eta 2025 eta 2026 urteetarako aurreikusitako ekintzak zehaztuko dituzte.
Egun hauetan bilduko da lan talde bakoitza:
Urriak 22, eguaztena
18:30 Udaletxeko osoko bilkuren aretoan: Altamira, Askarri, Gumuzio, Kortederra, Padrola, Artola, Basozabal, Bekea, Bekelarre, Itzaga, Basabe, Belategi, Egia, Elexalde, Errekalde, La Mina, Uraburu, Usargoiti eta Olabarri (3. eremua)
Urriak 23, eguena
18:30 Ostalaritza eskolan: Upomendi, Zuhatzu, Bengoetxe, La Troka eta Ergoien (4. eremua)