Berdintasunerako XIX. Jardunaldiak antolatuko dituzte azaroaren 26 eta 27an
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Izusek
Galdakaoko Udalak Berdintasunerako XIX. Jardunaldiak antolatuko ditu Torrezabal Kultur Etxean azaroaren 26 eta 27an. «Adingabeen aurkako indarkeria matxista» izango da aurtengo leloa.
Galdakaoko Udalak urtero antolatzen dituen Berdintasun Jardunaldien hemeretzigarren edizioa antolatuko du azaroaren 26an eta 27an. Torrezabal Kultur Etxean izango dira eta leloa «adingabeen aurkako indarkeria matxista» izango da.
Helburua haurren eta nerabeen aurkako indarkeria matxistei buruz gogoeta egitea, indarkeria horiek betikotzen dituzten eta egiturazkoak diren sustrai sozial eta kulturalak ulertzea, horiei aurre egiteko estrategia eraginkorrak aztertzea, politika publikoetan hobekuntzak bultzatzea, biktimei babes hobea eskaintzea eta, azken finean, aldaketa sozialerako bidea egiten laguntzea izango da.
Ildo honetan, hainbat gai jorratuko dira: ziberindarkeriak, sexu abusuak, genero indarkeriaren eragina seme-alabengan, indarkeria bikarioa, indarkeria instituzionala…
Hizlariak aldiz, hauek izango dira: Norma Vazquez, Maitane Urizar, Estibaliz Linares, Sheila Melcon, Beatriz Ilardia eta Eva Haro. Haien hitzaldiez gain, betiko moduan, mahai inguruak izango dira gai guzti horien inguruko galdera eta zalantzak partekatzeko.
Izen ematea doakoa da eta online egin daiteke Galdakaoko Udalaren webgunean. Torrezabal kultur etxean inskripzioa aurrez aurre egiteko aukera ere badago, eta 944 010 528 telefonora deituta ere bai.