«Besaulkien matxinada», Beñat Armentia
Beñat Armentia Arriandiaga
BINKE / 2019ko abendua
Besaulkien matxinada
Joan ziren jaiak, eta hauekin batera euripean behingoagatik honi garrantzi handirik eman gabe egindako dantzak. Joan ziren ordu biko loaldia egin eta gero aurpegia begi-zulo erraldoiez josirik egin beharreko sukalde txapelketak. Hain epe laburrean gazteok elkarren artean saretzeak, edota norberaren zilborrari begiratu ez, eta urte osoan inguratzen gaituen indibidualismo basatitik aldentzeak, niri, behintzat, halako poztasun bat piztu izan dit beti. Hala ere, arrosa guztiek badituzte haien arantzak.
Jaiak hasi baino astebete lehenago sarean topatu nuen kritika zurrunbiloak haserretu ninduen. Hainbat gazte koadrila antolatzaileen aurka oldartu ziren, antza, «txosnetan jarri ohi den musika ez baita egun entzuten den musikara egokitzen». Eraiki beharrean deseraikitzea omen zen bidea, proposamen finkorik gabe. Mila irtenbideren aurrean biderik koldarrena eta okerrena izan zen gazteek egun hartan aukeratu zutena, hau gutxi balitz «jaiak herritik eta herriarentzako» lelopean. Horren epe laburrean antolatzeko eta jaiak prestatzeko kapazak bagara, horren modu koordinatu batean antolatzaileen aurka oldartzeko ahalemena badugu, ez al gara, behingoz, jaietan modu eraikitzaile batean parte hartzeko gai?