BI-30 errepideko trafikoan afekzioak izango dira gaur gauean

Txorierriko bizipistaren lanen ondorioz, BI-30 errepideko trafikoan afekzioak izango dira gaur gauean. Mozketak 22:00etatik 06:00etara izango dira.

Bizkaiko Foru Aldundia Txorierriko bizipista eraikitzen ari da eta honen ondorioz trafikoan afekzioak egongo dira Galdakaon gaur, irailak 22, gauean.

Zehazki, BI-30 errepidean 22:00etatik 06:00etara zirkulazioan murrizketa puntualak egongo dira, «langileen bai gidarien segurtasuna bermatzeko helburuarekin».

Tarte horretan, bi noranzkoetako errei motelak itxita egongo dira, Galdakao eta Larrabetzu arteko mugaren parean. Horrez gain, errei guztien mozketa labur puntualak daude aurreikusita, 5 minutu ingurukoak, baita Erletxerako irteera adarraren mozketa laburra ere.

Eragin horiek Iberdrolaren kable baten instalazioarekin daude lotuta. Jarduketa obraren zerbitzu osagarrien hornidurarako ezinbestekoa da, Txorierriko harana lotzea ahalbidetuko duen bizipistan modu seguru eta jasangarriagoan aurrera egiteko urrats garrantzitsua.

Udalak lanen eraginpeko eremuan arreta handiz gidatzea eta ibilbide alternatiboak baloratzea gomendatzen die gidariei. Aldez aurretik eskertzen du herritarren ulermena eta lankidetza, behin-behineko eragozpenak sor ditzaketen jarduketa hauen aurrean.