Bizikleta elektrikoetan patruilatzen hasiko da Galdakaoko Udaltzaingoa
Jasangarritasuna
BINKE / 2021eko abenduak 28
Bizikleta elektrikoetan patruilatzen hasiko da Galdakaoko Udaltzaingoa
TESTUA: Iban García
ARGAZKIA: Inocencio Goikuria
Udalerriko ibilgailuek urtean 41 milioi CO2 kutsatzen dutela ikertu berri, Galdakaoko udalbatzaren azken Ohiko Osoko Bilkurak aho batez onartu du udaltzainek bizikleta elektrikoan patruilatzea.
Galdakao udalerriak 18.750 ibilgailu ditu —1,6 ibilgailu biztanleko— Udalak 2021aren lehenengo hiruhilekoan EUSTAT estatistiken euskal erakundeari eskatutako ikerketaren ondorioen arabera.
Kopuru horri, auto bakoitzak 4.800 litro erregai kontsumitzen dituela gehituta eta litro bakoitzagatik 2.196 CO2 kilo isurtzen dituela jakinda, Galdakaoko ibilgailuek urtean 41.175.000 CO2 kilo kutsatzen dutela ondorioztatu du EUSTATek.
Kopuru harrigarri horien aurrean, Galdakaoko udalbatzak 2021. urteko azken Ohiko Osoko Bilkuran neurri historikoa onartu zuen aho batez, lehenengoz erakunde honen ibilbidean: udaltzainek bizikleta elektrikoan egingo dituzte euren herriguneko ibilbideak.
Neurri berri hau 2022ko urtarrilaren 10etik aurrera sartuko da indarrean, baina ez dituzte bapatekoan auto guztiak errepidetik kenduko, Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak ohar bidez adierazi duen moduan: «Galdakaoko herrigunetik hasiko gara, baina pixkanaka udalerri osora hedatuko ditugu bizikleta elektrikoak, udaltzainak ohitzen doazen heinean eta hornitzaileak Udalak erositako bizikletak ekartzen dizkigun neurrian».
Gainera, azaroaren 30ean Arratiako hainbat udalekin batera Hernandok iragarritako Bizipuntuak —bizikletak konpontzeko gune berriak— erabiliko dituzte udaltzainek euren konpontze lanetarako.
Udala kontziente da herriko erakundearen izenean gehien kontsumitzen duten udal-ordezkariak udaltzainak direna, «etengabe ari direlako herritik bueltaka». Horregatik, hartutako erabaki honekin, Euskal Herrian jasangarritasunaren eredu izan gura du Galdakaok, bere langileetatik hasita.