Bizkaiko Auzitegiak bost urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri dio Fernando Izagirre galdakoztarrari, DYAko presidente izan zen garaian egindako bi delituengatik: bidegabeko jabetzea eta kontabilitatea faltsutzea. 10.800 euroko izuna ere ezarri dio epaileak Izagirreri.
Fernando Izagirre galdakoztarra DYAko presidente izan zen garaian –2016-2021 urteen bitartean– ustez egindako irregulartasunengatik ikerketa zabaldu zuten 2022an eta hiru urteren ostean, azaroan izan zen epaiketa.
Bertan, Izagirrek DYAren kontu korronteetara ez zuela sarbiderik adierazi zuen, BINKEk jaso zuen moduan.
Hala ere, Bizkaiko Auzitegiko Seigarren Sekzioak 5 urte eta 6 hilabeteko kartzela-zigorra eta 10.800 euroko isuna ezarri dizkio Izagirreri, bidegabeko jabetze kualifikatua eta kontabilitatea faltsutzea egotzita.
Juan Diego Gallardo Izagirreren bazkideari aldiz, 4 urte eta 6 hilabeteko kartzela-zigorra eta 8.100 euroko isuna ezarri dizkiote, bidegabeko jabetzeagatik.
Epaiak frogatutzat jo du 2011ko apirilaren eta 2016ko azaroaren artean, bi akusatuek, «ados jarrita» eta «legez kontrako irabazi-asmoarekin», 2.906.570,78 euroko transferentzia egin zutela Bizkaiko DYAren kontuetatik. Dirua Emergencias Plus sozietateari isuri zitzaion lehenik, eta hortik Ambulancias Barcelona S.A. enpresari. Enpresa biak Izagirre eta Gallardoren kontrolpean zeuden.




