
Dantza tailerra eskainiko du Divenirek bihar, Euskaraldiaren abestia lantzeko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ander Elordui
Domekan, maiatzak 25, amaituko da aurtengo Euskaraldia baina horren aurretik dantza tailerra eskainiko du Divenire Dantza Eskolak Galdakaon. Saioa bihar, maiatzak 23, izango da eta Euskaraldiaren abestia landuko dute parte-hartzaileek.
Galdakaon 1.800 herritar inguruk eman du izena aurtengo Euskaraldian, domekan amaituko den euskararen aldeko ariketa sozialean. Maiatzaren 15ean hasi zen eta tartean hainbat ekintza antolatu dituzte herrietan ekimenaren harira.
Galdakaon Ahobizi eta Belarripresten topagunea egin zuten pasa den astean eta bihar aldiz, dantza tailerra eskainiko du Divenire Dantza Eskolak Iturrondon plazan 18:00etan.
Euskaraldiaren abesti ofizialaren, Bulegoren ‘Gure Bihotzaren Taupadak’, koreografiarekin dantzari ekingo diote parte-hartzaileek. Taldeak koreografia bat proposatu du, «gure gorputzak mugiarazteko bere gidaritzapean».