Desanexio Jaia antolatu dute asteburu honetarako Usansolon
Segregazio prozesua
BINKE / 2022ko martxoa
Desanexio Jaia antolatu dute asteburu honetarako Usansolon
TESTUA ETA ARGAZKIA: Naia Bergaretxe Sarria
Martxoaren 27an egingo da Usansoloren segregazioaren inguruko herri-galdeketa, eta horren harira, Usansolo Herriak «beroketa-ekitaldiak» antolatu gura izan ditu asteburu honetan.
Segregazio prozesua abian dagoela, martxoaren 27an egingo da Usansolon herri-galdeketa, Usansolo udalerri independente izatearen alde edo kontra bozkatu ahal izateko. Giroa berotzeko, ekitaldi ezberdinez osatutako programa antolatu dute Usansolo Herria alderdiko kideek martxoaren 19 eta 20rako, herri-galdeketa burutu aurreko astebururako.
Zapatuan, martxoaren 19an, egun osoko jaialdia antolatu dute: Zirkun Zirkoaren ikuskizuna goizean zehar, kalejira, herri bazkaria —egunean bertan hartu ahalko dira doako tiketak—, Gaualdeko Hasperena taldearen kontzertua eta, eguna amaitzeko, erromeria Lotxo taldearekin batera. Horrez gain, 13:30ean ekitaldi politikoa ere antolatu da.
Domekarako aldiz, martxoaren 20rako, azoka-erakusketa antolatu dute Unkina plazan. Usansolo zenbat taldek osatzen duten eta bakoitzak zer egiten duen ikusgarri egin gurean, gunetxotan egongo dira antolatuta talde eta elkarte ezberdinak haien gauzak erakusteko goizean zehar, 15:00ak arte.