Barikuan, urriak 31, Gau Beltza ospatuko du Galdakaok eta besteak beste, gaiaren inguruko Barikupasa saioa, tailerrak eta antzerkia antolatu dituzte horretarako. Halaber, sariak banatuko dituzte Galdakaoko dendek.
Urteko gau ilunenetarikoekin bat egingo du Galdakaok aurten ere eta Gau Beltza ospatuko du barikuan, urriak 31. Gaua heldu baino lehen, hilabete honetako barikupasa eskainiko dute gai honen inguruan.
Sorpresa ugari prestatu ditu Argizai taldeak hitzordu ekimen honetarako: aurpegi margoketa, sorgin erratzak, bitxi magikoen eskulana, ezetz asmatu jolasa, argazkiak egiteko txokoa eta askoz gehiago.
Hitzordua 17:15ean izango da, Ardantza parkean —euria egitekotan
Gandasegiko arkupean izango da—.
Barikupasa saioaren ondoren, Eguzkibegi Ikastolak, Urreta eskolako eta Gandasegi eskolako gurasoek egitarau berezia prestatu dute Gau Beltza ospatzeko, ordutegi hauekin:
18:15 Aurpegi margoketa
18:30 Antzerkia, tailerrak, ipuinak, edabe magikoa, gaztain erreak, beldurrak erre, ohitura zaharrak ezagutu…
Arratsalde guztian zehar musika, taloak eta edariak izango dira, eta mozorroak janzteko deia egin dute antolatzaileek.
Hain zuzen, mozorroak prestatzeko material erabilgarrien zerrenda argitaratu dute: baserritar-arrantzale gona, azpikogona, baserritar-arrantzale prakak, pololoak, baserritar galtzerdiak, abarkak, alpargatak, baserritar edo lastozko txapela, koadrodun alkandora, loredun alkandora, artilezko jertse zaharra, arrantzale-baserritar zapia, kriseilua, kandela, aurpegirako zapia, puntillak-tula, zaku telaz egindako jantzia, fibra naturalezko sokak, mantilla eta manta zaharrak.
Egitarau zabal honetara batuko dira ere Galdakaoko dendak, Gu Dendari elkartearen eskutik. Elkarteak, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, ‘Gau Beltza’ kanpaina abiatu du, galdakoztarrak herriko merkataritza babestera gonbidatuz.
Kanpainaren baitan, elkarteari atxikitako establezimenduak dekoratu egingo dituzte beldurra gaitzat hartuta eta, urriaren 31an erosketak bertan egiten dituztenen artean, sariak banatuko dituzte.
Egun osoan zehar, merkatariek bezeroen izenak eta telefono zenbakiak jasoko dituzte, erositako zenbatekoa kontuan izan gabe. Pertsona horiek elkarteko dendetan erosketak egiteko 50 euroko hiru bonuren eta Andra Mari jatetxean bi pertsonentzako bazkari baten zozketan parte hartuko dute.




