Euskadi kalea trafikoari itxiko dute bihar, Torrezabaleko estalkia aldatzen jarraitzeko

Argazkia: Galdakaoko Udala

Torrezabal Kultur Etxeko estalkia aldatzeko lanak egiten jarraitzen du Galdakaoko Udalak. Honen ondorioz, Euskadi kaleko trafikoa itxiko dute bihar, urriak 29, berriz.

Galdakaoko Udalak Torrezabal Kultur Etxeko teilatuko plaka zaharkituak aldatzen jarraitzen du, «inguru horretako segurtasuna areagotzeko».

Lan hauetarako Euskadi kalea trafikoari itxi behar izan dute aurreko hilabeteetako egun batzuetan eta bihar, urriak 29, berriz egingo dute, 08:00etatik 18:00etara.

«Lan horiek ordezkatu beharreko panelak kargatu eta deskargatzeko azkenak izango dira, eta horretarako kalean dauden aparkalekuak hartu beharko dira. Beraz, ezingo da autorik aparkatuta egon lanen hasierako datarako», adierazi du Udalak.

Aparkaleku pribatuei dagokienez, Euskadi kaleko 10. zenbakiko garajeko ibilgailuak Lapurdi kaletik irten ahalko dira lanek dirauten bitartean. Inguruko gainerako garajeetarako sarrera eta irteera baimenduta egongo dira.

Udalak «esku-hartze honek eragindako eragozpenenak sentitzen ditu eta herritarren ulermena eta lankidetza eskertzen du, lan hau inguruan dabiltzan herritar guztientzako segurtasuna bermatzeko funtsezkoa baita».