Euskara eta inklusioa aldarrikatzeko ekintzak hartuko ditu bihar Galdakaok

Argazkia: BINKE.

Euskararen Nazioarteko Eguna eta Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatuko dira bihar eta biekin bat egingo du Galdakaok. Horretarako, zenbait ekintza antolatuko ditu egunean zehar.

Bihar, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Galdakaok. Udalaren esanetan, egun horrek «gure hizkuntza zaintzeko eta egunero erabiltzeko garrantziaz hausnartzeko eta, aldi berean, komunitatean euskaraz gozatzeko deia egiten du».

Data Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunarekin bat dator eta herriak bi efemerideak bateratuta gogoratuko ditu, aurten ere, Urreta auzoan.

Horretarako, Galdakaoko Udalak herritar guztientzat zuzendutako egitarau zabala prestatu du, ondoko ekintzekin:

Abenduak 3, eguaztena
17:00-18:30 Haurrentzat Jokai sormen jolasen instalazioa eta liburutegi ibiltaria, Urreta eskolan
18:30 Maximo Moreno Musika Eskolako ikasleen kalejira Urreta auzoan barrena, Urreta eskolan
18:30 Lekittoko Deabruak taldearen emanaldia, Urreta eskolan
19:15 Onintze Garciaren eta Jokin de la Calleren (Seiren taldea) kontzertu akustikoa eta gaztaina jana, Urreta eskolan

Abenduak 4, eguena
10:30 Mintzodromoa, Kurtzeko frontoian

Bestalde, Tabernetan Euskaraz egitasmoa egingo da Urretan bigarren urtez, «bezeroak eta langileak elkarrekin euskaraz aritzera animatzeko, euskaraz gutxi dakitenek barne». Parte hartzen duten establezimenduek pintxoak oparituko dizkiete bihar ekimenean jarduten duten herritarrei.

Halaber, bihar eta etzi Udalak 2026ko egutegia ere banatuko du, Kirolean euskaraz programako kirol taldeekin elkarlanean egin dena.

Ikastetxeek ere, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat

Azkenik, urtero egin ohi dutenez, herriko ikastetxeek ere Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute. Zehazki, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako guraso elkarteek «jai xume eta hurbil batzuk antolatu ditugu gure familien artean ospatzeko».

Urretan tailerrak, bingo musikatua eta txokolatada eskainiko dituzte 16:15etik aurrera eta Gandasegin aldiz, Got Talent saioa, eskolako maskotaren aurkezpena, karaokea eta txokolatada, 17:00etatik.

«Ekintzak ez dira herri mailako ospakizun zabalak, baizik eta gure ikastetxeetako familien gozamen eta parte-hartzerako pentsatutako topagune txikiak. Helburua, giro atsegin eta lasai baten barruan, euskaraz bizitzeko eta elkarrekin egoteko beste aukera bat eskaintzea da», adierazi dute guraso elkarteek.


situs togel

situs toto