Euskara sustatzeko plan berrian ekarpenak egiteko epea zabaldu du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Euskara sustazeko plan berria sortzeko bidean dago Galdakaoko Udala eta herritarrek honetan ekarpenak egiteko epea zabaldu du. Abenduaren 8ra arte egin daitezke ekarpenak Udalaren parte hartze plataformaren bidez.
Galdakaoko Udalarentzat, herritar gehienek euskara jakin arren, «ezagutza hori ez da guztiz islatzen erabileran». «Hor dauka Udalak, oraindik ere, erronkarik nagusienetarikoa» eta hori dela eta, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana martxan egon da.
Oraingoan aldiz, AROA 2024-28 Plan Estrategiko berria sortzeko bidean ari da Udala eta fase honen planaren behin-behineko agiria partekatu eta herritarrek ekarpenak egiteko epea zabaldu du. Abenduaren 8ra arte egin daitezke ekarpenak Udalaren parte hartze plataformaren bidez.
«Metodologia parte hartzaile eta berritzaile hau gizarte eragileekin, mugimendu sozialekin eta Udaleko unitate teknikoekin elkarlanean burutuko da. Horrela, herriko eragile guztiek euskararen ikuspegia presente izango dute, modu positiboan eraginez», azaldu du Udalak. «Galdakaon euskal hiztun aktibo eta ahaldundu gehiago dituen komunitatea indartzea da helburu nagusia, euskara eta gaztelaniaren arteko egoera parekora heltzeko bidean», adierazi du.
Hori lortzeko, besteak beste, euskararen ezagutzari erreparatuko diote, hiztunen komunikazio gaitasunean jarriko dute arreta eta hauek euskararekiko dituzten motibazioak identifikatuko dituzte. Halaber, hiztunen arteko elkarreraginean gertatzen diren egoera komunikatiboak ere aztertuko dituzte, «hauen bidez ere euskararen erabileran eragiteko».
Ildo horretan, Galdakaon estrategikoak diren eragile eta elkarteekin helburuak ezarriko dituzte eta Euskara Plana garatzeko koordinazio gune iraunkorra eratuko dute: herritarren lan-mahaia. Horrela, euskararen komunitatea indartuko dute, herrian erreferentzia fisiko bat sortuz. Honek ume eta nerabeen aisialdian, sentsibilizazioan, lan munduan eta pertsona migratzaileengan jarri du fokua, «arlo hauetan lehentasunez eragiteko».
Lan hau hurrengo lau urteetan egingo da, baina planaren ikuspegia haratago doala azpimarratu du Udalak: «Helburu guztiak bere horretan gauzatzekotan, 2034. urtean euskal hiztun aktibo gehiago egotea gizarte esparru guztietan eta euskararen transmisioa ziurtatuta egotea da eragileen nahia».