Galdabusa eskola guztietara heltzen ez dela salatu du EAJk
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Galdakaoko EAJ-PNVk Galdabusa eskola guztietara heltzen ez dela salatu du. Alderdiak zerbitzua Elexaldeko ikasleentzat soilik ezarri dela adierazi du eta hori «eskola garraioaren prezioa familientzat nabarmen igo den garaian sortutako kalte konparatiboa da».
Galdakaoko EAJ-PNVk «kalte konparatibotzat» jo du Udal Gobernuak Galdabusaren ordutegiak Elexaldeko ikasleen sarrera eta irteerekin bat etortzeko hartutako erabakia; izan ere, «ez da iristen herriko beste ikastetxe batzuetara».
Jeltzaleen esanetan, «Galdabusaren plangintza ezak» ekarri du egoera hau. «Joan den astean eskola-umeak Elexaldera bidean autobusetik jaitsi ziren, potentzia faltagatik eta jende gehiegi zegoelako», kritikatu du Ainhoa Agirregoikoa Galdakaoko EAJ-PNVren bozeramaileak.
«Ez dugu ahaztu behar eskola garraioaren prezioa nabarmen igo dela aurten, familietan zuzenean eraginez. Hori dela eta, ez dugu ulertzen zerbitzu baten ezarpena mota honetako gaiak kontuan hartu gabe, gainera berandu erreakzionatuz, dagoeneko hasitako kurtsoan», adierazi du Agirregoikoak.