
Galdakaok gazteentzako arreta afektibo-sexualerako zerbitzua ere eskainiko du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Atención A Jóvenes
Gazteentzako aholkularitza psikologikorako ‘Batera’ udal zerbitzuak bere jarduerari ekin dio berriro Galdakaon eta berrikuntza batekin egin du. Arreta afektibo-sexuala barneratu du, «orientazio afektibo-sexuala, udalerriko gazteen arteko harreman osasuntsuagoak, errespetuzkoagoak eta berdintasunezkoagoak bultzatzeko».
Galdakaoko Udalak gazteei euren ongizatea hobetzeko laguntza eta orientazioa emateko ‘Batera’ doako psikologia zerbitzua jarri zuen martxan duela bi urte. Espazio horretan, «beren kezkak adierazteko eta autoestimua, estresaren kudeaketa, bakardadea, familia harremanak, elikadura nahasmenduak eta abarrak hobetzeko behar duten aholkularitza eta arreta jasotzeko aukera dute herriko gazteek».
Programa honek berririo ekin bere jarduerari, 12 eta 30 urte bitarteko gazteei beren egunerokotasunean dituzten zailtasunei aurre egiten laguntzeko, eta berrikuntza batekin egin du: arreta afektibo-sexuala barneratu du, orientazio afektibo sexuala, udalerriko gazteen arteko harreman osasuntsuagoak, errespetuzkoagoak eta berdintasunezkoagoak bultzatzeko.
Indarkeria matxisten eta genero arrakalaren prebentzioan eta detekzio goiztiarrean erreferentziazko zerbitzua izateko asmoa ere du ekimenak, Udalak azaldu duenez:«horrela, hemendik aurrera, Batera programako profesionalek bikote harreman gatazkatsuekin, genero identitate eta sexu aniztasunarekin, tabuekin, mito eta errealitateekin edo indarkeria matxistak konpontzearekin lotuta dauden kezka, bizipen eta arazoekin lagunduko diete gazteei».
Arreta pertsonalizatuko zerbitzua denez, hitzordua eskatu behar da 747 480 472 telefonora deituz edo batera@galdakao.eus helbidera idatziz. 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako saioak Aperribai, Plazakoetxe eta Indarra Topaguneetan izango dira, eta 18 urtetik gorakoek Torrezabal Kultur Etxeko lehenengo pisura joan beharko dute. Saioak astelehen eta astearteetan izango dira, arratsaldez.