
Galdakaoko Auzo Taxi zerbitzua, bihartik aurrera erabilgarri
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Taxistas.es
Auzo Taxi proiektua jarriko du martxan Galdakaoko Udalak, auzoetan bizi diren eta egoera zaurgarrian dauden pertsonen mugikortasuna errazteko asmoz. Eskaerak bihartik, uztailak 29, egin ahal izango dira.
Pertsona nagusiei eta behar bereziak dituztenei erdigunera hurbiltzeko erraztasunak eskaini nahi dizkie Galdakaoko Udalak eta helburu honekin jarraituz, Auzo Taxi proiektua martxan jarriko duela iragarri zuen duela hilabete batzuk.
Proiektuaren nondik norakoak zehaztu ostean, bihartik, uztailak 29, izango da erabilgarri zerbitzua eta bonuak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (ESAN) edo Galdakaoko Udalaren Egoitza Elektronikoan eskatu ahal izango dira. Eskaera onartua izanez gero, bonu fisikoak ESAN bulegoan jasoko dira.
Behin txartelak eskuratuta, onartuek zerbitzua erabiltzen hasteko aukera izango dute. Hori etengabekoa izango da eta, erabilgarritasuna ziurtatzeko, erabili nahi den egunaren bezperako 19:00ak baino lehen hitzartu beharko da zerbitzua. «Aurrerapenik gabe ere eskatu ahal izango da, baina kasu horretan prestazioa taxilariaren erabilgarritasunaren menpe geratuko da», adierazi du Udalak.
Eskabidearekin batera, honako ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte interesdunek: NAN-a, eskaeraren inprimakia behar bezala beteta, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena eta mugikortasunaren aldi baterako murrizketa egiaztatzen duen ziurtagiri medikoa.
Erabiltzaile diren pertsonek 10 ibilbideko bonuak erosi ahal izango dituzte hilero, 20 euroren truke. Bonu horiek erabilera pertsonalekoak eta besterenezinak izango dira —erabiltzaileak beste pertsona batzuekin joan ahalko du taxian—, eta erabiltzaile bakoitzak hilean gehienez 10 bidaiko bonu bat erosi ahal izango du. Hau da, urtean 120 ibilbide.
Deialdia etengabekoa da eta eskaerak edozein unetan aurkeztu ahalko dira urte osoan zehar. Horiek aurkezpen ordenaren arabera ebatziko dira, harik eta aurten proiekturako bideratu den 25.000 euroko aurrekontua agortu arte.
Hauek dira zerbitzua eskainiko duten taxilarien telefonoak: 944560064, 944269026 eta 944565827 (Usansoloko ospitalea).