Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatuko dute domekan

Argazkia: Galdakaoko EAJ-PNV

Aurten 120 urte bete dira Galdakaoko Batzokiaren sorreratik eta hau ospatzeko ekitaldi berezia antolatu du EAJk, domekarako. Hitzorduak hainbat ekintza batuko ditu, besteak beste, Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko presidentearen hitzaldia.

Galdakaoko batzokia Iturrondo plazan kokatuta dago gaur egun baina ez da beti horrela izan. Herriko lehenengo batzokia Kurtzeko plazan zegoen, ostean Bilbo kalera lekualdatu zuten eta gaur egungo kokapenaren aurretik Zubiaurretarren ere izan zen.

Kurtzeko plazako lehen batzoki horren sorreratik 120 urte bete dira aurten eta hau ospatzeko helburuz, ekitaldi berezia antolatu du EAJ-PNVk domekarako, urriak 26.

Gaur egungo batzokian, Iturrondo plazakoan, izango da hitzordua, 12:00etan. Ikurriñaren igoerarekin hasiko da ekitaldia, Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko presidentearen eskutik.

Ondoren, hitzaldia eskainiko du Ansolak eta amaitzeko lunch-a izango da eta Galdakaoko irudi zaharrak proiektatuko dituzte.

«Etorri gurekin batera ekitaldi berezi hau elkarrekin ospatzera, gure sustraiak gogoratuz eta etorkizunari ilusioz begiratuz. Lotzen gaituen historiak bizirik dirau. Katea ez da eten!», adierazi du Galdakaoko EAJ-PNVk.