Galdakaoko Udalak eta Gu Dendari elkarteak Gabonetako Erakusleihoen Lehiaketaren bigarren edizioa jarri dute martxan. Epaimahai profesional batek aztertuko ditu proposamenak eta hiru establezimendu irabazleei sariak emango dizkie.
Bigarren urtez, paseo lasaia ematera eta tokiko merkataritzaren erakusleihoek Gabon garaian eskaintzen duten sormenaz gozatzera gonbita egiten duen Gabonetako Erakusleihoen Lehiaketa antolatu dute Galdakaoko Udalak eta Gu Dendari elkarteak.
Abenduaren 10etik urtarrilaren 6ra bitarte, herriko merkataritzak eta zerbitzuek euren erakusleihoak Gabonetako eszenatoki txiki bihurtuko dituzte, pasa den urtean Galdakaoko kaleak argiz bete zituen ekimenari jarraipena emanez. Modu horretan, «gure kaleak bizirik mantentzen dituztenen eta horietan ibiltzen, bizitzen eta kontsumitzen dutenen arteko lotura indartzen da».
Kanpainaren helburua argia da: «Gertuko merkataritzarekiko konpromisoa indartzea, tokiko jarduera ekonomikoa sostentzen duten profesionalen eguneroko lana bistaratuz; haiek sustatzen dute enplegua eta ematen diote nortasuna herriari».
Epaimahai profesional batek ebaluatuko ditu proposamenak eta hiru establezimendu irabazleei sariak emango dizkie. Horiek 1.500, 1.000 eta 500 euroko opari txartelak jasoko dituzte, hurrenez hurren, kanpainarekin bat egin duten dendetan trukatzeko, 2026ko urtarrilaren 31ra arte.
Herritarrek, gainera, euren erakusleiho gustukoena ere aukeratu ahal izango dute, Galdakaoko Gabonetako egutegian finkatu nahi den ekimen honetan aktiboki parte hartuz.




