Galdakaoko hamaika kirol klubek euskararekiko konpromisoa hartuko dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ibaizabal Saskibaloi Taldearen sareetatik
Hamaika kirol klubek egin dute bat ‘Kirolean be bai! Galdakao euskaldunago egiten’ kanpainarekin. Euskararekiko hartutako konpromiso hau gaur sinatuko dute Torrezabalen egingo den ekitaldian. Honetan, Iraia Iturregi eta Gaizka Garitano futbol entrenatzaileek solasaldia eskainiko dute.
Euskararen erabilera sustatzeko helburua duen ‘Kirolean be bai! Galdakao euskaldunago egiten’ kanpaina jarri zuen martxan iaz Galdakaoko Udalak. Honen bitartez, euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko kirol elkarteei neurriak eta erronkak hartzea proposatu zien.
Talde bakoitzaren egoera eta baliabideetara egokitutako erronkak dira, baina beti, «euskararen presentzia areagotzeko helburuarekin, bai kirol eremuan eta bai eremu administratiboan». Hauek aurrera eramateko, Udalak hainbat baliabide eskaini dizkie, hala nola, itzulpenak, aholkularitza eta formakuntza.
Momentuz hamaika kirol klubek egin dute bat ekimenarekin:
- Adiskide Pilota Elkartea
- Galdakao Atletismo Taldea
- Galdakao Boleibol Taldea
- Galdakaoko Futbol Taldea
- Galdakao Kantauri Igeriketako Kirol Taldea
- Galdakao Txirrindulari Elkartea
- Ganguren Mendi Taldea
- Ibaizabal Saskibaloi Taldea
- Mozoilo Triatloi Taldea
- Orioak Saskibaloi Taldea
- Taekwondo Urreta Elkartea
Euskararekiko hartutako konpromiso hau ekitaldi publikoan sinatuko dute gaur hamaika klubek. Torrezabal Kultur Etxean egingo da arratsaldeko 19:00etan eta hitzorduan solasaldia ere antolatu dute. Honetan Iraia Iturregi eta Iraia Iturregi Athletic Clubeko emakumezkoen taldeko entrenatzaileak eta Gaizka Garitano Eibarreko gizonezkoen entrenatzaileak parte hartuko dute, ‘Euskara eta kirola’ izenburupean.
«Herriko kirol elkarte guztietako ordezkari, bazkide edo kirolariak eta baita herritarrak ere gonbidatzen ditugu euskararen aldeko ekitaldian parte hartzera», adierazi du Udalak.