
Galdakaoko Ibilaldiak maiatzaren 24 eta 25eko egitarauak aurkeztu ditu
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolak antolatuko du aurtengo Ibilaldia maiatzaren 25ean eta egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek egun horretarako, eta baita aurreko egunerako ere. Gaur aurkeztu dituzte prestatutako ekintzak, eta hemen batu ditugu guztiak, gunez gune.
Bigarrenez hartuko du Ibilaldia jaia Galdakaok. Lehenengo edizioa 2009ko maiatzaren 31n antolatu zuen Eguzkibegi Ikastolak, eta bigarrena aurtengo maiatzaren 25ean egingo du, ‘Magaletik herrire euskara erdire’ lemapean.
Ekimenaren kanta eta bideoklipa duela aste batzuk aurkeztu zituzten Torrezabalen eta BINKEk jaso zuen moduan. Kanta eta bideoklipa Oxabi taldeak egin ditu, eta abestiaren letra ikastolako ikasle talde batek egin du.
Gaur aldiz, maiatzak 13, Ibilaldiaren guneak non kokatuko diren eta egitaraua zein izango den aurkeztu dituzte antolatzaileek, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan egindako agerraldian. Bertan Josu Telleria Ibilaldia Elkarteko lehendakaria, Oihane Arana Eguzkibegi Ikastolako presidentea eta Itxaso Etxebarria Eguzkibegi Ikastolako zuzendaria izan dira.
Azaldu dutenez, guneak Eguzkibegi Ikastolan, Romualda Zuloaga plazan eta Kurtzeko plazan kokatuko dira, beheko irudiak ikusi daitekenez.
Egitarauari dagokionez, maiatzaren 25eaz gain, aurreko egunean ere ekintzak izango dira herrian Ibilaldiaren harira. Hemen jaso dugu egitarau osoa, egunez egun eta gunez gune:
Maiatzak 24, zapatua
3. Gunea: Kurtzeko plaza
17:30 3×3 Futbol txapelketa, Athletic Genuine taldearekin
17:30 Umeentzako tailerrak
17:30 Kimosoundz DJ
19:30 Bengoren kontzertua
21:00 Tri Dj
Maiatzak 25, domeka
1. Gunea: Eguzkibegi Ikastola
11:00 Erronka DBH-Skape Street
11:30 Taupadak Dantza Eskolaren ikuskizuna
12:00 Dantza plaza Andra Mariren eskutik
13:00 Akerbeltz erromeria
14:30 Estitxu Robles eta Dantzaz
15:30 Mitxel Play Diskofesta
17:30 Dj Bull
Haur parkea egun osoan zehar
2. Gunea: Romualda Zuloaga plaza
11:00 Motx pailazoa
12:30 Go!azen
13:30 Taupadak Dantza Eskolaren dantzaldia
14:00 Harriti neska taldearen kirol ikuskizuna
15:00 Zazpizar erromeria
17:00 Musika Eskolaren kalejira
17:30 Kai Nakairen kontzertua
Suhiltzaileak, puzgarriak, klima azoka, Euskaltelen azoka eta abar, egun osoan zehar
3. Gunea: Kurtzeko plaza
11:00 Tor magoa
12:00 Herri kirolak umeentzat
13:00 Herri kirolen erakustaldia
13:30 Taberna ibiltaria
15:00 Dj Kaktus
16:00 Ollokiren emanaldia
17:00 Erronkaren sari banaketa
17:30 Oxabi
Eguzkibegi Ikastolatik azaldu dutenez, egitaraua inklusiboa eta publiko guztientzat egokitua izan dadin antolatu dute: haur, gazte, heldu zein adinekoentzat, eta baita gaitasun edo jatorri ezberdinak dituzten pertsonentzat ere.
«Helburua da pertsona orok jaiaz gozatzea, inolako oztoporik gabe. Jarduera batzuk egokituta egongo dira, ingurua irisgarria izatea bermatuko da, eta begirunez eta aniztasunez jokatuko da uneoro. Guztiok gara Eguzkibegi Ikastola, eta jaiak aukera paregabea dira elkarrekin ospatzeko, bakoitza bere modura eta tokian sentitu dadin», adierazi dute.

