Bihar, urriak 31, ospatuko den Gau Beltzarekin bat egingo du Galdakaoko ostalaritzak ere, Gertutasuna elkartearen eskutik. Besteak beste, ekimenean parte hartuko duten eztablezimenduetan egindako erosketa bakoitzak 50 euroko txartel baten zozketan parte hartzeko aukera emango du.
Gertutasuna elkarteak, Udalaren babesarekin, Gau Beltzerako egitarau berezia antolatu du, giro, ekintza eta promozioz betea, «Galdakaoko ostalaritza dinamizatzeko eta herritarrentzako jai giro alaia eskaintzeko asmoz».
Ekimenean parte hartzen duten establezimenduak egun osoan zehar apainduta egongo dira, eta bertara hurbiltzen direnei gozokiak banatuko zaizkie.
Kanpainara 21 lokal batu dira, eta guztietan eskuragarri egongo den mapa baten bidez modu errazean bisitatu ahal izango dira. Gainera, kontsumizio edo erosketa bakoitzak 50 euroko txartel baten zozketan parte hartzeko aukera emango du, kanpainara atxikitako edozein establezimendutan gastatzeko.
Bestetik, tabernak hoberen apaindutako lokala izateko lehiatuko dira, herriko kaleetan giro bizi eta koloretsua sortzen lagunduz.
Gertutasuna elkarteak eta Udalak kalera ateratzera animatzen ditu herritarrak, «giroaz gozatzera eta herriko ostalaritza eta merkataritza babestera».





